Filipinetatik bueltan, Zuloaga Xisteran buru-belarri sartuta dago

  • 2019-01-24

Joseba Zuloaga donostiarrak ezagutu du zestatik  bizitzea zer den. Lau urte eman zituen Filipinetan, Santa Ana Cagayan Valley irlan aritu zen lau urtez. Behin, pilotalekua itxita, 2017an etxera itzuli zen. Azkeneko urtea Xisteran jokatu du, eta berriro ere zestarako ilusioa berpiztuta dagoela onartzen du.

´´Une hartan Berritxun ari nintzen jokatzen, eta Filipinetara joateko aukeraz hitz egin zidaten, eta ez nuen zalantzarik izan. Zestatik bizitzeko aukera zen. Beti Estatu Batuetara joateko ametsa nuen, baina Filipinetara joatea ez zen aukera txarra´´, esaten du Josebak.

Behin hara iritxita, hilabete pare batean jarri omen zen hango ohituretara. ´´Egia esan lehen bi hilabetetan nahikoa galduta ibili nintzen. Kinielak bakarrik jokatzen ziren, eta banaka, eta ni horrela jokatu gabekoa nintzen. Gero, berehala jarri nintzen hango bizitzara eta jokatzeko erara, eta nik jarri nuen kinielarik gehien irabazitako errekorra´´, dio gipuzkoarrak.

Ez ziren euskal pilotari asko, baina bakarra ere ez zen. ´´Taldeko guztien artean bost ginen euskal hiritarrak, eta bat Estatu Batuetakoa. Gainerakoak  Filipinetakoak ziren, baina giro oso ona geneukan. Filipinetako pilotariek asko jokatzen zuten. Zenbaitek pentsatuko du  ez dutela mailarik izango, baina banaka ikaragarri jokatzen zuten´´, esaten du Zuloagak.

Santa Ana hegazkinez Manilatik ordu batera omen dago, eta irla lasaia dela dio Josebak. ´´Irla lasaia da, 10.000 lagun bizi dira, eta Manilatik ordubetera dago hegazkinez. Gu, gainera, han oso ezagunak ginen.  Jende askok pentsatzen du han ez dagoela segurtasunik, baina oso irla segurua da, baita Filipinas osoa ere´´, dio.

Pilotak ere ezberdinak omen ziren, baina onak jokatzeko. ´´Pilotak hemen azkeneko kapa larrua izaten duten bezala, han esparadrapu moduko tela bat zuten, baina ongi ateratzen ziren frontoian, jokatzeko onak ziren. Zestak ere han egiten zituzten, baina horretarako materiala hemendik eramaten zuten´´, dio donostiarrak.

Lau urte horietan, ordea, ez ziren gauza guztiak ongi joan, bost hilabetez ere geldirik egon behar izan baitzuen. ´´Moto istripu bat izan nuen, eta aste oso bat koman egon nintzen. Hasieran sendagileak esan zidan ez nintzela berriro zestan jokatzeko moduan jarriko. Kolpe latza jaso nuen, eta etxera itzuli nintzen osatzera, azkenean bost hilabete eta gero berriro ere jokatzen ari nintzen, eta istripuaren ostean  lortu nuen kinielen errekorra´´, gogoratzen du.

Jende aldetik ez omen zen ikuslerik izaten, baina telebista bidez dirutzak jokatzen omen ziren. ´´Apustuetatik bizi zen enpresa. Frontoian ia ez zen inor egoten, lagunen batzuk eta kitto, baina telebista bidez jendeak dirutzak jokatzen zituen, eta aurrera egiten zuen´´, esaten du Josebak.

Amaiera, ordea, 2107ko abuztuaren 31ean izan omen zen. ´´Pena latza orduan. Gai politikoak izan omen ziren tartean, eta azkenean pilotalekua itxi beharrean gertatu ziren“. Dio, Zuloagak.

Horren ostean, aurrera egiteko ilusio gutxirekin itzuli omen zen. ´´Pena bat izan zen hura amaitzea, eta azkenean  etxera itzuli eta lana topatu behar, bizitza berri bati ekin behar´´, dio. Hala ere, Xisteraren eskutik, berriro ere zestarako grina piztu omen zaio. ´´Xisterarekin berriro ere zestarako grina piztu zait. Azkeneko denboraldian Interjain sartu naiz, eta horrek sekulako indarra eman dit. Desiratzen nago berriro ere Xisterako lehiaketa hasteko´´, dio donostiarrak.

Tolosako Beotibar zesta eskolan ere gaztetxoekin ari da lanena, eta horrek ere poz handia ematen omen dio. ´´Honek ere asko lagundu dit. Andoni Lertxundik proposatu zidan taldean umeak entrenatzeko, eta ilusio handia egin zidan. Filipinetan ere aritzen nintzen umeei erakusten, eta aurten berriro ere hasi naiz. Xisterak eta Beotibarrek berriro ere zestarako ilusioa piztu didate, eta hori garrantzitsua da´´, esaten du Joseba Zuloagak.

Datu bitxi bat ere bai, Filipinetan Bazooka izenez omen zen ezaguna Zuloaga. ´´pilotari ematen nion indarrarengatik jarri zidaten izen hori´´, dio donostiarrak. Orain, jadanik Xisteraren denboraldi berriarekin pentsatzen ari da.