Umeekin batera hasi nintzen ni ere zestan jokatzen

  • 2019-01-30

Ziortza Landa da nesken artean dagoen beteranoetako bat, 39 urterekin, maila oso ona eman du aurten lehen aldiz jokatu den Xisterako zirkuituan, finalerdietaraino iritsiz. Esan ohi da gauza berri bati ekiteko ez dagoela adinik, eta hori erakusten du Ziortzak, orain  hiru urte hasi baitzen zestan jokatzen. Gainera etxeko lauak ari dira zestan jokatzen, Ziortza ete bere bi alaba eta semea ari dira Ereñoko eskolan.

´´Nire kasua berezia izan zen, izan ere Sabino Olarretak, Ereñoko eskolako arduradunak, esan zigun Ereñon pilota eskola bat ireki behar zutela, eta nire umeak eramateko. Nik beraiek eraman nituen, eta haiek ikusitakoan pentsatu nuen, haiez gain, nik ere hasi behar nuela, eta horrela ekin nion. Askotan alderantziz izaten da, umeek etxeko erreferentzia izaten dute hasteko, kasu honetan denak batera ekin diogu´´, dio.

Izan ere, Ziortzarekin batera bere alaba Irati, 12 urtekoa, Aimar, semea, 9koa eta Enara, alaba, 8koa ari dira zestan jokatzen. ´´Gustura gabiltza, bakoitza bere mailan. Helburua ongi pasatzea da, eta horretan ari gara. Betidanik izan gara oso kirolariak, baina gero ez gara etxean horri buruz hitz egiten aritzekoak´´, esaten du Landak.

Hori bai, aitortzen du kasualitatez iritsi direla zesta mundura. ´´Gurea kasualitatea izan da. Bere garaian Sabinok ezer esan ez baligu, ez ginen zestan hasiko, eta nire umeak hasi ez balira, ni ere ez. Baina uste dut gauza asko eman dizkigula zestak, eta oso pozik gaude´´, esaten du Ziortzak.

Gainera aurten lehen aldiz jokatu du Xistera zirkuitua. ´´Sabinori esaten nion, gutxienez gure artean lehiaketa bat egin behar genuela jendeari erakusteko, eta gogo horrekin nengoen. Gero esan zidatenean Xisterako zirkuitua izango zela aurten, ez  nuen zalantzarik izan´´, dio.

Txapelketarekin oso gustura geratu da. ´´Azken batean astean behin egiten ditut entseguak, eta lehen bi astetik behin. Beste batzuk baino askoz ere ordu gutxiago sartu ditzaket, eta badakit zer eman dezakedan, baina gustura geratu naiz orokorrean´´, dio Ziortzak. ´´Urte askoan ibili naiz saskibaloian eta han ez nintzen jarri inoiz zestan jartzen naizen bezain urduri, azken batean hau banakako kirola da, eta neri kezkarik handiena sakeak ematen zidan. Hori ongi aterata, banekien atzelariak lagunduko zidala, eta aurrean izango nituela nire aukerak, baina bestela min egiten du´´, eransten du.

Pasa den txapelketari begira jarrita, Madrilgo La Elipan jokatutako partidekin geratu omen da gustuen. ´´Han egin nuen entrenamenduetako lana, eta nire buruarekin sinestuta. Niretzat hura izan zen partidarik onena´´, deritzo. Taldean egin den giroarekin ere oso gustura dago. ´´Taldean oso giro ona dago. Egia da adinean alde handia dagoela batzuen eta besteen artean, azken batean nik 39 urte ditut, eta ulertzekoa da gazteak direnak euren artean konplizitate handiagoa izatea, guk ere euren adinean gauza bera egingo genuen, baina giro ona dago, eta oso sanoa. Hori asko eskertzen da´´ esaten du Ziortzak.

Hastear dagoen denboraldiari begira jarrita ere, ilusioarekin dago Ziortza. ´´Ilusioa egiten dit hemen jokatzen jarraitzeko. Azken batean oraindik ere orduak sartuz gero hobetzen joan daiteke, eta horrek ilusioa egiten du´´, dio.

Bitartean, Ziortzak ete bere seme-alabek zestarekin gozatzen jarraituko dute Ereñoko eskolan.