Xisterako finalekin amaituko dira ‘Galbaixo jaiak’

  • 2016-09-13
  • Mutrikuko prentsaurrekoaren osteko argazkia

Mutrikuk nagusi, gazte eta nesken mailako finalak hartuko ditu larunbatean, 22:00etatik aurrera

Miruaitz frontoian larunbatean 22:00etatik aurrera jokatuko diren Mutrikuko zesta punta Txapelketako finalekin, Xisterak ‘Galbaixo jaiei” emango die amaiera. Hiru neurketa horiek Interten bidez izango dira zuzenean ikusgai, www.xistera.eus web orria eta Facebook eta Twitterren dauzkan profilen bitartez.

Festibaleko azken partida nagusi mailakoa izango da eta bertan, Cosme zumaiarra eta Del Río gasteiztarra Nafarroako Bailo eta Markinako Antón Gandiagaren aurka arituko dira. Oso norgehiagoka erakargarri bat espero da, pasaden larunbatean emozio handia bizi izan baitzen leporaino beteta egon zen Mutrikuko frontoian.

Gazte eta nesken mailako finaletan herriko ordezkariak egongo dira, izan ere, mutrikuarra den eta Donibane Lohizuneko Torneoa irabazi berri duen Mikel Mancisidorrek Donibane Lohizuneko Jon Bidondorekin jokatuko baitu eta elkarrekin Markinako Iker Ibarluzea eta Donibane Lohizuneko Theo Laborderekin neurtuko dituzte indarrak.

Nesken lehia erabakigarriarekin hasiko da jaialdia (22:00etan). Orduan, Danok Bateko Eneritz Lizardik eta Jane Arreitunaindiak bikotea osatu eta garaipena lortzen saiatuko dira bere publikoaren aurrean. Bere aurkariak Gasteizko Maite Ortiz de Mendivil eta Berriatuako Nahia Calvo izango dira.

Gogora dezagun Xistera zesta puntako kluben kluba dela eta Mutrikukoa zirkuituko seigarren txapelketa izango dela, aldez aurretik Durangon, Andoainen, Markinan, Cabanillasen eta Donibane Lohizunen antolatu baitira beste torneoak. Proiektua Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak bultzatu zuen eta modalitate hau harrobitik bultzatzea da asmoa, Euskal Herriko klub guztiak elkarrekin ibiliz eta nesken zesta puntari ere laguntza emanez.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusteko sakatu hemen