Xistera zirkuituak Durangon izango du bigarren geldialdia

  • 2019-06-19

Pasa den larunbatean abiatu zen mutilen Xisterako Zirkuitua Gasteizen, eta bigarren geldialdia asteburu honetan izango du, larunbatean, 16.00etan Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Oraingoan ere bertan arituko dira bai Lehen, Bigarren eta baita Hirugarren Mailakoak ere. Berriro ere kiniela erara jokatuko da.

Lehen jardunaldia bikaina izan zen, eta oraingoan ere horrela izatea espero da. Lehen eta Bigarren mailan bi kiniela izango dira, eta hiru Hirugarrengoan. Zozketa egingo da kiniela bakoitzaren aurretik, eta horrek berak emozioa areagotu egiten du.

Edozein aurrelarik edozein atzelarirekin jokatzeko aukera dauka. Hasieratik da garrantzitsua puntuak batzea, izan ere aurrelaririk eta atzelaririk onenek izango baitute amaieran saria, eta horretarako kiniela bakoitzean ahalik eta tanturik gehien egitea komeni da.