Ikuskizun bikaina izan da Durangon

  • 2019-06-25

Xisterako mutilen zirkuituak bigarren geldialdia izan zuen Durangon, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten bertan, eta Ezkurdin batu ziren ikusleek gozatu ederra hartu zuten.

Lehen Mailako kinielak ikusgarriak izan ziren, batez ere bigarrena. Lehenengoan Zuloaga eta De Betelu izan ziren nagusi. Gipuzkoarrak eta lapurtarrak azkar egin zuten ihes, eta gainerakoei ezinezkoa egin zitzaien haien erritmoari jarraitzea. Arbe-Andonegi eta Agirre-Goixerri geratu ziren irabazleen atzetik, biak 8na tantorekin.

Bigarren kiniela ikusgarria izan zen, emozioz beterikoa, eta zortzi bikoteetatik zazpik azkeneko unera arte izan zuten irabazteko aukera. Azkenean, Anton eta Mandagaran izan ziren 15era heltzen lehenak, baina atzetik, 14rekin, G. Mandiola-De Betelu, Goitiandia-D.Mandiola eta Arbe-Goixerri geratu ziren, 14rekin.

Bigarren Mailan, Unax Vidal izan zen arratsaldeko protagonista, berak irabazi baitzituen bi kinielak. Lehenengoan, Kepa Garat izan zuen atzean lagun. Bizkaitarrak eta lapurtarrak aise eraman zuten kiniela hasieratik bukaerara aginduz. Bigarren, Ibarluzea eta Ruiz geratu ziren, 7 tantorekin.

Bigaren kinielan, Vidalek, Mugartegi gaztea izan zuen lagun, eta oraingoan ere nagusi izan ziren, batez ere kinielaren erditik aurrera, eta lehenengo iritsi ziren 15era. Atzetik, Mandiola eta Bertom sailkatu ziren, 12ekin.

Hirugarren Mailan hiru kiniela jokatu ziren, eta Egaña eta Alberro izan ziren protagonistak, bakoitzak bina kiniela irabazi baitzituen, azkenekoa lortu zuten elkarrekin. Aurrenekoa oso kiniela estua eta ikusgarria izan zen. Aizpuruak eta Alberrok lortu zuten garaipena. 10era jokatzen da maila honetan, eta beraiek izan ziren hori lortzen aurrenak. Atzetik, Sasiain-Del Rio eta Lekube-Bidondo sailkatu ziren, 9rekin.

Bigarren kinielan Egaña eta Iriondo izan ziren irabazleak, eta hau ere oso lehiatua izan zen, hiru bikotek izan baitzuten aukera berriro ere amaierara arte. Bigarren postuan Libois eta Olabarria sailkatu ziren 9rekin.

Hirugarrengoan Egaña eta Alberro nagusitu ziren hasieratik bukaerara, gainerakoei inongo aukerarik eman gabe. Atzetik, Arakistain eta Hernandez sailkatu ziren 5 tantorekin.

Torneoko argazki bilduma ikusi