Ni Daniara banoa Danok Bat taldeari eta Xisterari esker da

  • 2018-11-27

Ekaitz Mendizabal Goixerri abenduaren amaieran Daniara doa Ameriketako Estatu Batuetara. Han bere ametsa beteko du urtarrilaren hasieratik aurrera, puntista profesionala bihurtuko baita. 19 urte besterik ez ditu, baina aurretik bere aitak egin zuen bideari ekingo dio. Mutrikuko Danok Bat taldean ari da, eta Xisteraren barruan lan handia egin du. Gazte mailako eta maila nagusiko zirkuituak irabazi ditu, eta aurten jadanik lehen aldiz jokatu den Interjai Txapelketa ere beraganatu du Andonegirekin batera.

Ametsa egi bihurtzera doa?
Horrela da. Txikitatik bizi izan dut zesta, eta beti amestu izan dut une honekin, eta azkenean iritsi da jauzia egiteko garaia.

Espero zenuen Daniako deia?
Beti edukitzen da ilusio hori, baina ezin dezu behin ere jakin. Behin deitu zidatenean ez nuen zalantzarik izan eta azkar erabaki genuen bertara joatea zela onena.

Zer dakizu Daniako koadroari buruz?
Mutrikuar batzuk badaude, bat Goenaga, aspalditik ezagutzen duguna, eta egia esan ilusioa egiten dit. Orain dena berria izango da niretzat, baina ilusio handiarekin joango naiz bertara.

Zure ibilbidean Danok Batek eta Xisterak ere zer ikusi handia izan dute, ezta?
Nik 3 urterekin jantzi nuen zesta lehen aldiz, eta etxean txikitatik bizi izan dut zesta. Danok Batek dena eman dit. Gero, Xistera oso garrantzitsua izan da zestarentzat, ez klubak batzerako garaian bakarrik, baita kirol hau zabaltzeko ere. Zirkuitoko Torneoetako final guztiak ikusi daitezke telebistaz eta horrek ate asko zabaltzen dizkigu. Biei eskerrak eman besterik ez daukat.

Aitak hartu zuen bidea hartuko duzu orain. Zer dio berak?
Bere aholkuak oso garrantzitsuak dira niretzat, bera da nire irudia. Bera 17 urterekin joan zen Ameriketara eta ni 19rekin noa. Berak esaten didan guztiak dauka garrantzia, eta zestan dakidana ere berak erakutsi dit. Aholkuak ematen saiatzen da.

Anai gazteak ere zure bide bera hartuko ote du aurki?
Ez dakit, 17 urte dauzka oraindik, eta gaztea da, baina neri gustatuko litzaidake Ameriketan ere elkarrekin jokatzea, ilusio handia gingo lidake.

Zure egoerak poza sortuko zuen Xisterako pilotarien artean, ezta?
Dudarik gabe, azken batean zestaren egoera ez da lehengoa, baina orain ere aukerak badaude, eta zurekin ari dan bat badoanean, horrek ilusioa ematen dizu, azken batean ateak zabalik daudela konturatzen baizara.

Hala ere, joan aurretik badauzkazu egin beharrak.
Bai, Zumaiako Ugarein Xistera Zirkuitoko finala jokatuko dut, eta gero Zirkuitoko finalerdiak izango ditut. Ederra izango litzateke finala jokatzea, gutxienez, eta Markina-Xemeingo finaletan agurtzea.