Frontoirik ez izan arren, zesta indartsu dago Pamiersen

  • 2018-11-09

Pamiers Aregeko Departamenduko herri bat da Touloussetik 45 kilometrora eta Andorra La Vellatik 100 pasatxora dagoena. Ez dute frontoirik, baina bai bi plaza libre; bat itxia eta beste bat irekia. Hala ere bertan zestan jokatzen aspalditik ari dira eta ilusioa eta gogoa orain ere ez zaizkie falta.

´´Bigaren Munduko gerlaren ostean hasi zen hemen zesta. Euskal Herritik lanera etorritako jendea hasi zen zestan aritzen, plaza librean, eta haien ostean beti jarraitu du hemen zestak´´, dio Jean François Mercadiek, klubeko ordezkariak. ´´Gero, eskola bera 1990. urtean sortu zen eta ordutik jarraitzen du, eta uste dut, gainera, goraka doan zerbait dela´´, dio Jean Françoisek.

Lizentzien aldetik, gainera ez daude batere gaizki. ´´Une honetan 40 lizentzia pasatxo izango ditugu. Horietatik zazpi dira emakumezkoak. Lau, lehendik ari direnak, eta maila handikoak, gainera, eta beste hiru berriak dira. Gaztetxoen artean ere mordoska bat badaude mutiletan eta berriak ere sartzen ari dira. Uste dut bide onetik goazela´´, dio klubeko ordezkariak.

Hala ere, herrian frontoirik ez izateak arazo batzuk ekartzen dizkie. ´´Herrian bi plaza libre dauzkagu, bata irekia eta bestea itxia, eta han aritzen gara entrenatzen. Gero, Touloussen badaude bi pilotaleku, biak 36 metrokoak, eta han inguruko herri batean beste bat, baita 36 metrokoa. Han ere izaten gara entrenatzen, eta baita Touloussen dagoen klubarekin ere harreman handia daukagu. Elkarren aurka lehiatzen dugu. Txikietan binaka, eta handietan frontoia motza denez, buruz buru. Gutxienez inguruan beste klub bat badaukagu, eta hori abantaila bat da´´, esaten du.

Bartzelonako Vasconiarekin ere harreman handia dutela dio. ´´Azken batean guretzat Euskal Herrira joan edo Kataluniara joan ez dago alderik, erdibidean gaudelako. Haiekin harreman handia daukagu, eta egiten ditugu gauza batzuk elkarrekin´´, dio. “Euskal taldeekin ere berdin, harreman handia daukagu, edo Paurekein eta baita gainerako elkarteekin ere. Azken batean zestan aurrera egiteko, denak batera joan behar dugu´´, esaten du.

Hori dena kontuan hartuta, Xisteraren lana ezinbestekoa iruditzen zaio. ´´Ikaragarria da, klubak batu eta aurrera egiteko bidea hartu du, eta hori ezinbestekoa da, bakoitzak bere bidea bere kasa egin beharrean denak batera egitea garrantzitsua da. Nesketako topaketak eta lehiaketa ere nesken zesta aurrera egiteko ezinbestekoa da. Estatu frantsesean oso neska gutxi daude, eta guk badauzkagu lau oso maila onekoak, eta antolatzen dituzten nazioarteko topaketak oso garrantzitsuak dira. Orokorrean Xisteraren ekarpena ezinbestekoa dela iruditzen zait´´, dio.

Pamiersen frontoi bat egitea, berriz, une honetan ez dela posible dio. ´´Herriko Etxeak horretarako dirurik ez dagoela dio. Guk jai alai bat egiteko eskaria egin genuen, baina 40 pilotari gutxi dela esaten digute. Ni seguru nago jai alai batekin hau gora joango litzatekela, urtero etortzen baita jende berria plaza librearekin bakarrik, eta frontoi batekin askoz gehiago izango litzateke, baina une honetan ez dagoela dirurik´´, esaten du.

Portet omen da, berriz, herriko gazte eta gaztetxoen erreferentzia. ´´Portet hemengoa da, eta eskola honetatik atera zen. 14 urte inguru zituela joan zen Pauera hobetzeko asmoarekin, eta begira noraino iritsi den. Bera da gure erreferentzia´´, esaten du Jean Françoisek.

Etorkizunari ere itxaropenarekin begiratzen dio. ´´Uste dut etorkizuna polita daukagula. Azken batean kirol hau egiteko kilometroak egin behar ditugu, baina hori ere ona da, gauza asko ikasten dira, jende ezberdina ezagutzen da, lekuak, ea. Jendea gustura dabil, eta urtero dator berria, eta hori seinale ona da. Guk garbi daukagu bai ume eta heldu, hemen zestan hasi nahi dutenek, denek dutela lekua´´, dio Jean Françoisek.