Denboraldi honetan lortutakoa ahaztu gabe, Mandiola eta Agirre datorren sasoinari begira jarrita daude

  • 2019-01-03

Egun gutxi dira Eduardo Agirrek eta Danel Mandiolak gazte mailako Ugarein Xistera zirkuitua  irabazi zutela Markina Xemeinen, Galletebeitia eta Iturralde mendean hartuta, baina jadanik biak hasita daude datorren urteari begira. Hala ere, aurten bizitakoa ez du ahazten eta lortutakoarekin pozez gainezka daude.

´´Final ona egin genuen Danelek eta biok. Ez dugu aurtengo finalerdiak arte inoiz batera jokatu, beti aurka, baina bakoitzak badakizki bestearen alde onak eta txarrak, eta uste dut primeran konpondu ginela. Gainera, finalerdiak ere jokatu genituen eta azkenean hori bera ere ongi etorri zaigu, finala baino aste bat lehenago elkarrekin jokatu genuelako´´, dio Eduardo Agirrek.

´´Hasieran urduritasunak nabari ziren, baina gero uste dut bai Eduardok eta biok partida oso ona egun genuela, eta final guztiak zailak izaten badira ere, uste baino errazago irabazi genuela esango nuke. Finala bera jokatzeko ederra izan zen niretzat, etxean jokatu nuen, frontoia beteta, lagunak, ezagunak, animo asko jaso genituen. Ederra izan zen´´, adierazi zuen Danelek.

Biek, gainera, gazte mailako finala iaz ere jokatu zuten, baina iazkoan Danelek Etchegaray lagun zuela irabazi zuen, baina Agirrek galdu, egin zuen,  oso alde txikiarekin izan baldin bazen ere, Aratz Mendizabal lagun zuela. Txapel honetaz gain, biek egin dute denboraldi oso ona. ´´Berritxuko eta Zumaiako Torneoak irabazi ditut  eta hori ere ederra da, herriko torneoa irabaztea ere beti izaten baita polita. Gero, kinieletan ere nahiko ongi aritu naiz, eta egindakoarekin  gustura geratu naiz´´ dio Agirrek.

´´Markina-Xemeinen irabazi nuen nik torneoa eta maila nagusikoekin  ere jokatzeko aukera izan dut, eta Elizondoko Torneoa irabazi nuen, alde horretatik niretzat urte oso ona izan da, jokatu ditudan torneoetan nahiko ongi aritu bainaiz´, deritzo Mandiolak.

Horrez gain, Eduardo Agirreren esanetan, txapelketa bikaina izan omen da. ´´Guretzat oso garrantzitsua da honelako txapelketa bat izatea. Oso ongi antolatuta dago, eta pilotariontzat oso garrantzitsua da. Gainera, pilotari ezberdin asko ezagutzeko aukera daukagu, era honetan pilotari ezberdinekin jokatzen dugu, eta normalean oso gutxi edo batere aritzen ez garen lekuetan ere jokatzeko aukera daukagu. Pilotarien artean harremanak egin eta lantzeko ere asko balio du honek´´, dio Eduardok.

´´Oso txapelketa ona da Xisterakoa, eta pilotarientzat ere oso garrantzitsua da. Pilotari ezberdin asko ezagutzen ditugu eta hori oso garrantzitsua da. Harremanak landu eta estutzeko ere asko balio du´´, eransten du Danelek.

Aurtengoa amaitu da, eta lortutakoaz gozatzen ari baldin badira ere, jadanik datorren denboraldiari begira ere jarrita daude. ´´Pertsonalki gustatuko litzaidake maila nagusian jokatzea. Gazte mailan iaz bigarren eta aurten aurrena geratu naiz, eta hemendik aurrera ikusi nahiko nuke zer eman dezakedan maila nagusikoekin. Eroriz ikasten da, eta garbi dago gazteetatik maila nagusira aldea dagoela, eta ikasteko ere asko balioko lidake.  Nire helburua hori izango da, handiekin  jokatu eta ahal bada Interjain sartu´´, esaten du Eduardo Agirrek.

Danel Mandiolak aurten jadanik torneo bat baino gehiago jokatu ditu maila nagusian, horietako bat ere irabazi du, eta datorren urterako garbi dauka han izango dela. ´´Nire helburua hori da, maila nagusian jokatu eta ahal bada interjairako txartela eskuratu. Borroka handia izango da, baina saiatuko naiz´´, dio Markina-Xemeingoak.