Aldazabalek eta Arbek urte osoan egin den lana azpimarratu nahi izan dute

  • 2019-01-08

Maialen Aldazabalek eta Izaro Arbek irabazi zuten pasa den abenduaren 22an Nesken Xistera Zirkuitua, Ortiz de Mendibil eta Lizardi mendean hartuta. Bi pilotariak oroitzapen onak, gozoak, dituzte, baina urte guztian neskek egin duten lana ere azpimarratu nahi izan dute.

Finalari begira jarrita, Izaro Arbek ez zela bere egunik onena izan adierazi zuen: ´´Pertsonalki ez zen nire egunik onena izan. Hasi aurretik oso urduri nengoen, azken batean egun honen zain urte mordo bat pasatu ditut. Etxean zen, frontoia beteta, eztakit, oso urduri kantxaratu nintzen, eta oso deseroso aurkitu nuen neure burua. Frontoia bera ere handia da, azkenean dena batu zen eta seguraski urtean zehar deserosoen aritu naizen partida izango zen´´, adierazten du Izarok.

Maialen Aldazabelek ere urduritasun hori nabaritu zuela onartzen du. ´´Berotzera atera ginenerako nabari nituen nerbioak. Jende asko zegoen, eta horrenbeste jende izateak ere presioa sortzen dizu. Gero, lehen jokoan kantxan kokatzea kostatu zitzaidan, baina gero bigarrengoan askoz ere hobeto aurkitu nuen neure burua´´, adierazi zuen. ´´Izaro eta biok elkar asko lagundu ginen, eta gauzak ongi joan ziren´´, dio aurrelari bizkaitarrak.

Finala bera, emaitzak erakusten duena baino estuagoa izan zela dio Arbek. ´´Pentsatzen dut finaleko emaitzak ez duela isladatzen benetako jokoa. Pentsatzen dut pilota beranduegi aldatu zutela, eta kasu honetan eskarmentuak zer esana izan zuen´´, dio Izarok.

Irabazteak indar handia ematen diola dio, berriz, Maialenek. ´´Azken batean final handi bat zen, ez zen partida normal bat, eta honelako lehiaketa bat irabazteak aurrera egiteko ere indar handia ematen du´´, dio Berritxukoak.

Finalaz gain, eta lortutako garaipenaz gain, urte osoan egin den lana ere azpimarratu nahi zian du Markina-Xemeingo atzelariak. ´´Azken batean finala irabazi genuen, eta horrek betirako oroitzapen oso politak uzten ditu, eta beti ematen du bultzada bat lanean jarraitzeko. Hala ere, urte osoan egin den lana azpimarratu nahiko nuke. Ikustea emakumezkoetan urte batetik bestera eman den aurrera pausoa, ikustea urte osoan zehar Zirkuituko partidak, topaketak, eta zenbat neska gazte dabilen zestan, eta nolako ilusioa duten. Jokalariak gurasoak, denak bat egin da aurrera egin nahi horrek ikaragarri asetzen nau´´, dio Izarok.

Jokatu den txapelketa hau ere garrantzitsua izan omen da. ´´Guretzat garrantzitsua zen Zirkuitua, azken batean aurrera egiteko beste urrats bat zelako. Finalean lauk izan genuen Markina-Xemeinen aritzeko aukera, baina denok egin dugu lan handia. Xisteraren helburua zesta indartzea da, eta nesken kasuan urrats garrantzitsuak ari dira ematen´´, dio.

Maialenek ere bide beretik hitz egiten du. ´´Oso urte polita izan da. Neska asko animatu dira zestan jokatzeko, eta hori oso garrantzitsua da. Gure artean ere oso harreman polita sortu da eta hori ere uste dut oso garrantzitsua dela´´, dio Aldazabalek.

Hala ere, finalez gain, goizean zehar herri ezberdinetan egin ziren kinielak ere nabarmendu nahi izan ditu. ´´Finalen eguna biribila izan zen denontzat. Goizean inguruko herri ezberdinak batu ziren gaztetxo eta umeak ere nabarmendu behar dira, neska eta mutil, pila bat izan ziren kinielak jokatzen, eta hori zesta bizirik dagoen seinalea da, eta hori ere azpimarratu nahiko nuke´´, esaten du Izaro Arbek.