Antxonek eta Ibarluzeak denboraldi hasiera bikaina izan dute

  • 2018-07-11

Antxon eta Ibarluzea dira mutilen Xisteraren denboraldi hasiera honetako izenak. Orain arteko guztia irabazi egin dute. Interjai Txapelketan hiru neurketa jokatu dituzte eta hiruak irabazi egin dituzte, Xistera Ugarein Zirkuitko Torneo bat jokatu da, Markina-Xemeingo Torneoa, eta hura irabazi egin dute.

Pasa den asteburuan Bartzelonan Retolzari eta Urilei gailendu ostean, finalean izateko urrats handia eman zuten, nahiz eta oraindik bi partida geratzen zaizkien jokatzeko, eta tartean daude Goixerri eta Andonegi. Mutrikuarrek bi partida jokatu eta biak irabazita datoz. Badirudi aipaturiko hiru bikote horien artean egongo dela lehen postua.

´´Oraingoz ondo gaude. Jokatutako hiru partidak irabazi egin ditugu, baina beste bi geratzen dira jokatzeko. Azkenekoa Goixerriren eta Andonegiren aurka daukagu, eta haiek ere oso ongi dabiltza. Bestea Iturrinoren eta Susoren aurka, eta hauek ere denak galdu arren, bikote oso ona da. Lan asko egin beharko da oraindik´´, esaten du Antxonek.

Larunbatean Retolazaren eta Urileen aurka lehen jokoa galdu egin zuten, baina hurrengo biak aidean irabazi zituzten. ´´Lehen jokoan ez ziguten jokatzen utzi. Pilota motela atera zuten, eta ni ez nintzen ia jokoan sartu ere egin. Gero garbi geneukan pilota berarekin jarraitu behar genuela, aritu ostean, berotu egingo baitzen, eta horixe egin genuen, eta hurrengo bi jokoak oso ongi joan zitzaizkigun. Retolazak eta Urielek bikote bikaina osatzen dute´´, esaten du aurrelariak. Bere kidea, Ibarluzea, ados dago Antxonek dionarekin.

Interjai berria da, eta biak daude oso gustura. ´´Txapelketa ona da, maila handiko pilotariak daude bertan, eta Xistera Zirkuitoa ere indartu egiten du honek, azken batean badakizulako hor goian bazabiltza, gero beste lehiaketa bat jokatzeko aukera dagoela´´, esaten du Antxonek.

´´Asko gustatzen zait. Guretzat pozgarria da, eta ilusio handia pizten du honelako lehiaketak. Pilotari eta bikote oso onak daude, eta holekako txapelketa bat guretzat oso garrantzitsua da. Gainera, gutxitan, edo behin ere jokatu gabeko pilotalekuetan jokatzeko aukera ere badugu, eta baita Madril edo Bartzelona bezalako hiri handietan, eta hori handia da´´, esaten du Jon Ibarluzeak.

Cabanillas, Azpeitia eta Bertzelona izan dira jokatu diren lekuak, ohikoak ez diren frontoiak dira, baina bi pilotariak oso gustura daude horrekin. ´´Cabanillasen eta Bartzelonan ez dut askotan jokatu, baina partida gutxi batzuk jokatu izana nintzen lehen ere, baina Azpeitian inoiz ez, eta hark kezka apur bat ematen zidan, baina ikaragarri gustatu zitzaidan Izarraitz. Oso pilotaleku ona da, naturala, eta orain margotuta dagoen bezala pilota oso ongi ikusten da. Asko gustatu zitzaidan´´, dio Atxon Alberdik.

Xistera Ugarein Zirkuitoko Torneo bat jokatu da, eta hura ere irabazi egin dute bizkaitarrek. ´´Zozketa egin ostean bikote izatea suertatu zitzaigun Markina-Xemeinen ere, eta oso gustura. Oso ongi moldatzen gara Antxon eta biok. Kiniela irabazi genuen, eta gero finala ere bai. Txapelketa hau ere ederra da, eta lehen torneoa irabazi dugu. Ea boladari eusten diogun´´, esaten du Ibarluzeak.

Oraingoz denboraldia primeran doakie, eta etorkizuna ere argia dute, eta biek duten ilusioarekin, seguru berriro ere beraiek menderatzea ez dela erreza izango.