Bartzelonako Vasconiak itxaropena eta ilusioa mantenduz jarraitzen du

  • 2018-07-12

Bartzelonako Vasconia elkarteak lanean jarraitzen du, itxaropenarekin eta etorkizunari ilusioarekin begiratuz. Jadanik 95 urte bete ditu Kataluniako hiri nagusiko klubak, eta aurrera orain arteko indar berarekin jarraitzeko asmoa du.

´´Miguel Baletek sortu zuen kluba orain dela 95 urte eta orduan bertan katalunaiko Pilota Federazioa ere berak sortu zuen. Bakoitzak lan ezberdina egin behar zuen, baina biak pertsona berak sortu zituen´´, dio Carles Pedregosak, Vasconia Elkarteko presidenteak.

´´Vasconia une honetan zestan bakarrik aritzen da, eta bere urterik gehienetan horrela izan da. Hala ere, 60. hamarkadan hasi eta 90. hamarkadaren hasierara arte frontenis, pala eta paleta ere izan genituen elkartean. Principal Palacion jokatzen genuenean izan genituen horiek klubean. Vall d`Hebronera etorri ginenan, ordea, berriro ere bakarrik geratu ginen´´, esaten du Carlesek.

Vasconia bera bakarrik dago inguruan, ez baitauka zestan aritzen den beste talderik, eta ondorioz txapelketak euren artean jokatu behar dituzte. ´´Zailena hori da, gure artean jokatu behar ditugu txapelketak, baina gure ilusioari eutsi egiten diogu, eta horrekin aurrera goaz´´, dio Pedregosak.

Izan ere, une honetan 80 jokalari dituzte klubean, eta ez da batere kopru txarra. ´´Horietatik 30 ume edo gaztetxoak dira, eta hori ere oso ona da. Neskak ere erakarri ditugu, eta une honetan sei neska dauzkagu erabat jokatzen dutenak, eta beste hiru hasi berriak dira. Uste dut ez gaudela gaizki. Orain ate irekiak egiten ditugu, eskoletara joaten gara, eta horrekin itxaropentsu gaude, uste dugulako gazte eta gaztetxoak gutxienez probatzera etorriko direla, eta horrekin batzuk geratu ere egingo direla´´, esaten du Carlesek.

Eurentzat hiri gunean pilotalekua izatea oso garrantzitsua izango litzatekela dio. ´´Hiri erdian pilotalekua izateak sekulako abantaila emango liguke. Zaila da gauden lekuan ikusle asko etortzea, azken batean metroa hartu eta denbora dezente behar delako. Pilotarientzat ere denbora asko da hori. Hirigunean bidea asko erraztuko liguke. Palacio hor dago, eta hura izango litzateke guretzat pilotaleku egokia, eta hura berrituko balitz eta hara pasako bagina, alde handia egingo liguke´´, esaten du.

Hala ere, etorkizunari begira itxaropentsu agertzen da. ´´Zesta ez da izango nire ustez jende askok jokatuko duen kirol horietakoa, baina uste dut honek aurrera egingo duela, horrekin ez daukat zalantzarik´´, onartzen du.

Vasconiak ia 100 urte ditu gainean, eta urte guzti hauetan pilotari ugari eman ditu, eta tartean profesionalak ere bai. ´´Hemendik profesional bikainak atera dira. Mirapeix izango da denetan ezagunena, baina beraz gain, Sandro o Del Canto, beste batzuen artean ere oso ezagunak izan ziren´´, dio.

Interjai Txapelketa Bartzelonara eraman izanarekin ere oso eskertua dago. ´´Oso garrantzitsua izan da Interjai Bartzelonara ekartzea. Hemengo jendeak berriro ere goi mailako zesta ikusi ahal izan du, eta denak oso gustura gaude´´, esaten du Carlesek.

Izan ere, Xisteraren ekarpena oso garrantzitsua iruditzen zaio Vasconiako presidenteari. ´´Uste dut zesta bultzatzeko ezinbestekoa dela horrelako ekimen bat. Guk ere harreman estua mantentzen jarraituko dugu, eta etorkizunari begira elkar lan hori guretzat ere oso garrantzitsua izango delakoan nago´, dio Carlesek.

Vasconiak ia 100 urte ditu bizkarrean, baina garbi daukate geroari begira orain bezalaxe jarraituko dutela, nahi duten, eta gustatzen zaien kirol horrrekin gozatu eta ganerakoei zabaltzen ahalegintzen.