Xisteratik Estatu Batuetara

  • 2019-09-18

Xisterako lana eragina izaten ari da, eta ez Euskal Herrian bakarrik, baita Ameriketan ere, izan ere  hiru izango baitira itsasoa gurutzatuko duten pilotariak. Johan Sorozabal eta Alex Goitia jadanik Danian dira. Biarrizkoa eta Markina-Xemeingoa Xisterako Mutilen Zirkuituan ari ziren, baina Daniako enpresak fitxatu ditu, eta jadanik han dira euren ametsa betetzeko itxaropen osoarekin. Baina ez dira bakarrak izango, izan ere datorren abenduan Gorka Sorozabalek bide bera egingo du, baina kasu honetan Sorozabal anaietan zaharrenak Miamira joko du, hango enpresan arituko baita.

Ez da ahaztu behar pasa den urtarrilean Ekaitz Mendizabal Goixerri izan zela Daniara joan zena, eta beraz urtebetean lau izango dira Xisteratik Estatu Batuetako Ameriketara jauzia egin dutenak.

Johan Sorozabal aurrelaria da, Biarrizkoa eta oraindik 17 urte besterik ez ditu, Biarrizko BAC taldean ari zen. Berarekin batera joan da baita ere Alex Goitia, Markina-Xemeingoa. Hau ere aurrelaria da, eta 18 urte ditu, Markina-Xemeingo taldean ari zen. Bi hauek jadanik Danian daude. Abenduan joango da Gorka Sorozabal Miamira. Biarrizkoak 18 urte ditu eta atzelaria da. Hirurak ere Euskal Herrian erakutsi duten maila erakusten saiatuko dira.