Xisteraren eskutik zesta puntako irakaskuntzarako oso garrantzitsua den liburua jaio da

  • 2019-08-20

Zesta puntako irakaskuntzarako oso baliagarria den esku liburua jaio da Xisteraren eskutik. Bere garaian Gipuzkoako Federazioak abiatu zuen ekimena, Xisterak amaitu du, eta jadanik argia ikusi du. Iker Foronda, Antxon Alberdi, Izaro Arbe eta Jokin Arbe dira egileak, guztiak ere puntistak.

Andoainen egin da aurkezpena, eta han ziren lau egileak, eta baita Koldo Rabadan Xistera Elkarteko ordezkaria, eta baita Juan Carlos Etxeberria, Gipuzkoko Federazioa ordezkatuz.
Liburu honen helburuen artean kalitatea bermatzea izango da, etorkizuna pilotari guztiei bermatu ahal izateko, horrela klub ezberdinen formakuntza berdina izateko. Entrenatzaileak eta klub berriak sortzeko bidea beti izan da Xisteraren helburu nagusietako bat, eta liburu honi esker, hasten direnek ere ez dira hutsetik hasiko.

Koldo Rabadan izan zen hitz egiten lehena. ´´Xisterarentzat formakuntza oso garrantzitsua da, eta trebatzaile sare bat osatzea litzateke helburuetako bat. Zestaren irakaskuntzarako oso tresna garrantzitsua dela uste dugu liburu hau, denentzat izango baita baliagarria, eta baita beharrezkoa ere. Ez da apaletan uzteko liburua, erabiltzekoa, baizik´´, esan zuen Xisterako ordezkariak.
´´Oraingoz euskaraz, frantsesez eta gazteleraz dago, baina etorkizunean beste hizkuntza batzuetara zabaltzeko aukera ere badago, portugesa, txinera, ingelesa. Xisteraren helburua zesta bultzatzea da, baina nazioartean ere bai, eta uste dugu liburu honekin ez dela hutsetik inor hasiko´´, erantsi zuen.

Juan Carlos Etxeberriarentzat, berriz, egun oso pozgarria izan zela onartu zuen. ´´Beste bi jokamoldetan tankerako liburuak egin genituen Federazioan, eta uste genuen zestan ere egin behar zela. Forondarekin jarri ginen harremanetan, eta ondoren Koldorekin. Hortik aurrera lehen zirriborroa etorri zen. Orain Xisteraren eskutik etorri da esku liburu hau, eta uste dut tresna oso garrantzitsua dela´´, esan zuen.

Ondoren etorri ziren egileen argibideak eta hitzak, eta denak azpimarratu zuten, ez dutela inor derrigortu nahi ezertara, baina zestaren trebakuntzarako oso baliagarria izan daitekela liburu hau. ´´Hasieran Gipuzkozko Federazioarekin hasi ginen, artean ez zegoen Xistera. Behin lehen zirriborroa pasa ostean, gauzak hobetze aldera Arbetarrekin, eta Antxonekin jarri nintzen harremanetan. Hor sortu berria zen Xistera, eta berarekin hitz egin ostean, segituan eman zigun babesa, eta uste dugu oso garrantzitsua izan dela pauso hau´´, adierazi zuen Iker Forondak.

´´Helburua klubetara iristea da, eta garbi dago Xistera lan itzela ari dela egiten zestarekin, eta zestaren formakuntzan. Horregatik elkarrekin hau egitea beharrezkoa iruditu zitzaigun, eta aurrera begira ere bide beretik joan behar da. Etorkizunarekin lan egin beharra baitago gauza berriak egiteko´´, erantsi zuen. ´´Beste kiroletan gauzak aldatzen ari zirela ikusten genuen, prestakuntza ezberdina zela, ariketa ezberdinak sartuz. Zestan, berriz, lehengoak jarraitzen zuen. Frontoira joan, pilotakada batzuk jo eta partida egin. Uste dugu, gauzak hobetzen joan behar direla, ariketa berriak sartu eta hemen saiatu gara aukera berriak ematen´´ gehitu zuen.

´´Hau hasiera besterik ez da. Honek aurrera jarraitu behar du, eta etorkizunean izan daitezke lan liburu elektronikoak, agian azkarrago egiteko, informazioa zabalagoa, ariketak gehitu, azken batean entrenatzaile berriak formatzea izango da helburuetako bat, eta horretarako bide berriak urratzea garrantzitsua da. Zestak aurrera egiteko tresna ona delakoan gaude esku liburu hau´´, esan zuen Jokin Arbek.

´´Hasiera batean klubei begira egindako zerbait da hau, eta horretarako hasi behar dugu lanean. Ikusiko dugu klub guztiekin batera egingo ditugun gauzak, lekuen arabera, edo banaka, azken batean bakoitzak duen interesa ere ikusi beharko da, baina uste dugu etorkizuneko puntistak behar bezala trebatzeko erreminta oso baliagarria dela´´, esan zuen berriz, Izaro Arbek.

´´Liburu honetan bi arlo topa ditzakegu; alde batetik arlo teorikoa eta bestetik praktikoa. Gure helburua ez da inori hemengo ariketak egitera behartzea, baina uste dugu formakuntzarako oso ongi dagoela, eta tresna oso baliagarriak daudela, bai prestatzaile berriak trebatzeko, eta baita pilotari berriei erakusteko ere. Hasten diren berrientzat ere ongi dago, ez dira hutsetik hasiko, zerbait izango dute lantzeko´´, adierazi zuen, berriz, Antxon Alberdik.

Oraingoz klubetan eta federazioetan banatuko dira liburuak, baina etorkizunean, eta beharren arabera edizio gehiago ateratzeko arazorik ez da izango, eta horretarako Xistera Elkartearekin jarri beharko da harremanetan. Izan ere, behar izanez gero, hizkuntza ezberdinetan ere argitaratzeko aukera eta asmoa baitago.