Bigarren faseko finalekin itzuliko da Xistera

  • 2019-08-28

Opor labur batzuen ostean badator berriro ere Mutilen Xistera Zirkuitua, eta Donibane Lohizunen izango da larunbat honetan, Campos Berri pilotalekuan, bertan jokatuko baitira Mutilen Xistera Zirkuituko bigarren faseko finalak. 19.00etan hasiko da jaialdia, eta hasiera Hirugarren Mailako partidak emango dio. Bertan, Urreistik eta Larrazabalek, Liboisen eta Alberroren aurka jokatuko dute. Lehen faseko finalarekin alderatuta, Urreistik eta Alberrok errepikatuko dute. Orduan bikote ziren, baina oraingoan aparte dira.

Ondoren iritsiko da Bigarren Mailako finala: Urrutia eta Sorozabal, Ibañezen eta Olazagaztiren aurka jokatuko dute. Azken bikote honek lehen faseko finala ere jokatu zuen bikotea osatuz, baina galdu egin zuen. Fase honetan Urrutia nabarmendu da beste guztien gainetik.

Azkenik, Lehen Mailako finala izango da. Bertan Antxon eta Zugaitz, Gonzalezen eta Goixerriren aurka arituko dira. Iturralde zen aritzekoa Antxonekin, baina biarriztarrak nahiko lesio larria izan du bere belaunean eta denboraldi baterako baja izango da. Lehen faseko finaletik, Antxonek errepikatuko du Hura irabazi zuen, eta oraingoan ere faborito izango da.

Jaialdia ikusteko 5 euro ordaindu beharko da, eta Fibrosis kistiko Elkartearen alde izango da.

Kadeteak ere bai

Kadeteen Zirkuituko hirugarren jardunaldia ere larunbatean eta Donibane Lohizuneko Campos Berri pilotalekuan jokatuko da. 16.15etan hasiko da jaialdia, eta Xisterako mutilik gazteenek bi kiniela jokatuko dituzte 15era. Aurretik, Noainen eta Markina-Xemeinen izan dituzte jardunaldiak.