Thomas Urrutia eta Eñaut Urreisti izan dira asteburu luze honetako protagonista nagusiak

  • 2019-07-22

Jardunaldiz josita izan da Mutilen Xistera Zirkuitua, eta Thomas Urrutia eta Eñaut Urreisti izan dira gehien nabarmendu diren pilotariak. Oker handiren bat gertatzen ez bada, bigarren fase honetako finaletan izango dira biak. Bata Bigaren Mailan, eta bestea Hirugarrenean.

Lehen Mailan, Markina-Xemeinen jokatutako saioan, Aaron eta M. Elkorobarrutia izan ziren lehen kinielako irabazleak, eta bigarren postuan, 12 tantorekin, Arbe eta Ibarluzea sailkatu ziren. Bigarrengoan, berriz, Alberro eta Goixerri izan ziren nagusi, Gaizkaren eta Danel Mandiolaren aurretik, hauek 12 batu baitzituzten.

Berriatuako jardunaldian, berriz, Arbe-A.Elkorobarrutia izan ziren aurreneko kinielako irabazleak, eta bigarren Antxon eta Danel Mandiola sailkatu ziren, 10 tantorekin. Bigarren kinielan, Antxon eta Mandagaran izan ziren onenak, eta bigarren, Arbe-Iturralde sailkatu ziren13rekin. Datorren larunbatean jokatuko da Mutrikun fase honetako azkeneko jardunaldia, eta han erabakiko da finalera zeintzuk sailkatuko diren, bai aurrean eta baita atzean ere oso tarte txikiak baitaude, eta pilotari asko dira azkeneko saio horretan egoteko aukerekin.

Bigarren Mailan, Markina-Xemeinen, Berge eta Sanchez izan ziren aurreneko kinielako garaileak, eta airean irabazi zuten gainera. Vidal-G.Sorozabal izan ziren bigarrenak 8 tantorekin. Bigarren kinielan, berriz, Ibañez-Goitiandia izan ziren nagusi, eta atzetik, Lertxundi-Mugartegi, Berge-Ruiz, eta Vidal-Iparragirre, 10ekin.

Berriatuan, Thomas Urrutia izan zen protagonista nagusia. Donibane Garaziko aurrelariak jokatutako bi kinielak irabazi zituen, eta fase honetan jokatu dituen lautik hiru eraman ditu. Aurrenekoan, Harinordoquy izan zuen lagun, eta bigarren, Victor-Sorozabal, Vidal-Mugartegi eta Garcia-Goitiandia sailkatu ziren 9rekin. Bigarrengoan, garaztarrak Gorka Sorozabal izan zuen lagun, eta berriro ere irabazi egin zuen. Oraingoan, Vidal-Goitiandia sailkatu ziren bigarren, 11rekin. Ondorioz, zerbait handia gertatu ezean, Urrutia fase honetako finalean izango dela esan daiteke, eta gainerako hiru txartelak datorren larunbateko Mutrikuko saioan erabaki beharko dira.

Hirugarren mailako kiniela guztiak Markina-Xemeinen jokatu ziren, eta Eñaut Urreisti izan zen bertako nagusia. Jokatutako lau kinieletatik hiru irabazi zituen, eta bestean bigarrena izan zen. Maila honetan 10 tantora jokatzen dira kinielak, eta aurrenekoa Egaña-Del Riok eraman zuten. Atzetik, Teresa-San Jose sailkatu ziren 8rekin.

Bigarren kiniela izan zen Urreisti gazteak jokatu zuen aurrenekoa, eta han hasi zen bere erakustaldia. Iriondo lagun zuela, garaipena erdietsi zuen. Atzetik, Teresa eta Alberro sailkatu ziren 9rekin. Hirugarrengo kinielan, Urreistik Alberro izan zuen lagun, eta berriro ere garaipena lortu zuen. Bigarren Arakistain-Rodriguez eta Lekube-Olabarria izan ziren 5ekin.

Laugarren kinielan, mutrikuarrak Laborde izan zuen lagun, eta oraingoan ere beste garaipena poltsikoratu zuen. Arakistain eta Iñigo izan ziren bigarren 7rekin. Azkeneko kinielan, Arakistain eta Olabarria gailendu ziren, eta bigarren, 7rekin, Urreisti eta Alberro sailkatu ziren. Maila honetan ere, Urreistik ia bi hankak finalean ditu, eta gainerako txartelak datorren larunbateko Mutrikuko saioan erabaki beharko dira.

Kadeteek, berriz, bigarren jardunaldia jokatu dute, eta Markina-Xemeinen izan ziren. Bi kiniela jokatu zituzten. Aurrenekoa, Azpirotz-Odriozolak irabazi zuten, eta bigarren 14rekin, Agirre-Mugertza sailkatu ziren. Bigarren kinielan, berriz, Mugertza-Azpirotz izan ziren onenak, eta bigarren Agirre-Ayensa, 12rekin.

Kadeteen zirkuitua

Argazki bilduma ikusi Emaitzak kontsultatu

Mutilen (senior) zirkuitua

Markina-Xemeingo bilduma ikusi Berriatuako bilduma ikusi Emaitzak kontsultatu Sailkapena kontsultatu