Susok Noainen bilatuko du bere bigarren titulua

  • 2016-09-28
  • Suso-Lertxundi

Donibane Lohizunen irabazi ostean, Lertxundirekin osatuko du bikotea bihar, Sallaberry-Antonen kontra lehiatzeko

Irailaren 2an Donibane Lohizunen irabazi ostean, Edu Suso arabarrak bihar bilatuko du San Miguel eguna ospatzen ari den Noaingo Bidezarra frontoian Xistera Zirkuituko bere bigarren titulua.

Orduan, Gasteiz Jai Alaikoak Antxon Alberdirekin osatu zuen taldea eta Narbarte-Maja menderatu zituen. Bihar berriz, Cabanillasen gazte mailako txapeldunordea izan eta finalerdian bikain aritu zen Unai Lertxundirekin jokatuko du. Elkarrekin iragan larunbateko kinielan oso itxura ona emanda, garaile atera ziren Phillippe Sallaberry eta Asier Antonekin neurtuko dira 19:00etan hasiko den jaialdi batean.

Festibaleko lehen norgehiagoka gazte mailako lehia erabakigarria izango da eta bertan Aarón gasteiztarrak eta Jon Iparragirre mutrikuarrak Mutrikuko Danok Bateko Aitor Mancisidor eta Berriatuako klubeko Jon Ruiz izango dituzte aurkari. Orain dela lau egun jokatutako kanporaketan lehenengoak nagusitu ziren baina Aitorrek badaki Xistera torneo bat irabaztea zer den, ekainean Durangoko txapela erdietsi baitzuen. Gainera, bihar maila handiko atzelari bat izango du alboan, Jon Ruiz, hain zuzen ere.

Finalak hasi baino lehen, 18:30ean, Noaingo eskolako umeen artean partidatxo batzuk izango dira ikusgai eta lehen eta bigarren finalaren arteko tartean herriko abesbatzak abestuko du.