Portugalera ere iritsi da zesta

  • 2020-10-30

Zesta punta munduan zabalduta dagoen kirol bat da, baina iritsi berria den leku bat ere badu, eta ez Euskal Herritik oso aparte, izan ere Portugalen lantegi horretan ari baitira azkeneko urte hauetan.

Moita herrian dago Portugal guztian dagoen pilota eskola bakarra, eta bertan zesta ere sartuta daukate. ´´Hasieran eskuz bakarrik hasi ginen jokatzen, baina gero joan ginen beste joko mota batzuk ezagutzen, eta une honetan gure eskolan eskuz, zestaz eta paletaz jokatzen dute´´,esaten du bertako arduraduna den Andre Pagaimek.

´´Hasiera batean pilotako elkarte bat sortu genuen, baina une honetan kirol ezberdinak dituen kirol talde baten barruan sartuta gaude´´, gehitzen du Andrek. Une honetan ari diren ia denak umeak omen dira. ´´Zestan jokatzen ari direnak denak umeak dira. Helduren bat ere bai haiekin aritzeko, baina gaztetxoak dira. Gehienak hiru modalitateak egiten dituzte, baina badaude hiru zesta bakarrik egiten dutenak´´, esaten du Andrek.

Arazoa pilotalekuan omen dauka, ez daukatelako, baina hori ere konpontzeko bidean omen dira. ´´Ez daukagu pilotalekurik, eta une honetan kiroldegi batean entrenatzen dugu. Hala ere Udalak pilotaleku bat egitea onartuta dauka, eta laister hasiko dira egiten. Plaza librea izango da, baina guretzat oso pauso garrantzitsua izango da´´, dio Andrek.

Zesten aldetik ere, ez dituztela asko dio. ´´Xisteraren bidez minbrezko bi lortu genituen, eta horiek helduak ibiltzen ditugu. Plastikozkoak, beriz, Biarritzen erosi geniuten, eta gaztetxoak haiekin dabiltza´´, dio Pagaimek. ´´Pilotak, berriz, tenisekoekin aritzen dira hasi berriak, eta adituagoak direnak, eskuzkoekin ibiltzen dira´´, eransten du.

Orain dela lau urte hasi ziren zestarekin, eta aurrera egin nahiko lukete, nahiz eta lehiaketak jokatu ahal izateko arazoak dituzten. ´´Gure asmoa aurrera egitea da, eta pilotariak ateratzea da, nahiz eta jakin zailtasunak baditugula, eta izango ditugula. Iaz Xisterako finalen egunean Markina-Xemeinen izateko asmoa genuen, baina ez zen posible izan. Beste batean joan nahiko genuke, gure gaztetxoak hangoekin ibiltzeko, beraiek aurrera egiteko ezinbestekoa izango da´´, dio Andrek.

Dudarik gabe, pausoak ematen ari dira Portugalen. Bidea egiten hasi bakarrik egin dira, baina seguru apurka-apurka bide horretan aurrera egingo dutela. Gogoa eta nahia ez dute falta.