Maddi Jauregi: ´´Lanean jarraitu nahi dut nire maila hobetzen jarraitzeko“

  • 2020-11-06

Maddi Jauregi belauntzarra, Xisterako aurrelarien artean puntan dabilenetako bat da.  Ilusioz jarraitzen du zestarekin, eta duen adina kontuan hartuta, urte asko geratzen zaizkio berak maite duen kirola egiten jarraitzeko. Badauka nondik norakoa, bere aita, Joxemari Jauregi, profesionala izan baitzen.

´´Etxetik datorkit afizioa, eta neri asko gustatzen zait zestaz jokatzea. Gozatu egiten dut´´, esaten du aurrelari belauntzarrak. Hala ere, gainerakoak bezalaxe, beretzat ere urte zaila izaten ari dela dio. ´´Egia esan urte zaila da zentzu guztietan. Berriatuako Torneoa bukatu eta jarraian etorri zen itxialdia. Aste zailak izan ziren, eta ahal nuen moduan mantendu nuen nire nahia´´, esaten du Maddik.

Behin itxialdia gaindituta, jokatzeko garaia iritsi zen, eta pozez hartu omen zuen berria. ´´Horrenbeste denbora eta gero banuen berriro jokatzen hasteko gogoa. Ongi ikusi nuen neure burua. Gainerakoak ere itxialdian egon behar izan zuten, eta ondorioz denak berdintsu geunden´´, dio gipuzkoarrak.

Ustez gauzak normaltasunera itzultzen ari ziren honetan, berriro ere geldialdia iritsi da. ´´Txapelketak jokatzen ari ginen, baina orain berriro ere geratu gara. Ea gauzak konpontzen joaten diren. Hala ere, horrela dago egoera, eta onartzea besterik ez da geratzen´´, dio Jauregik.

´´Urtea ahalik eta txapelketarik gehien jokatuz amaitu nahiko nuke, baina hori denborak eta gaitzaren egoerak esango du. Seinale ona izango litzateke zentzu guztietan partidak jokatzeko moduan izatea´´, adierazten du. Gauzak normal joan izan balira, garbi zeukan zeintzuk ziren helburuak: ´´Nire asmoa ahalik eta txapelketarik gehien jokatu, eta ahalik mailarik onena ematea zen, baina dagoanerekin konformatu beharko dugu´´, dio.

Tolosako Betotibar Elkartean ari da Maddi, eta zoritxarrez neska gutxi daudenez, mutilekin jokatzen dute askotan, baina hori ez omen da arazoa beretzat. ´´Denak nahi dugu neska gehiago egotea, baina oraingoz Tolosako taldean bi gabiltza, eta urtean zehar askotan jokatu behar izaten dugu mutilekin. Ni ohituta nago, txikitatik horrela aritu izan bainaiz, baina dudarik gabe neska gehiago behar ditugu zestan, eta ea apurka apurka gehitzen joaten garen´´, eransten du.

Etorkizunari begiratuz, garbi dauka zer egin behar duen. ´´Lanean jarraitu behar dut, eta jarraitu nahi dut. Hobetzen joateko bide bakarra hori da, eta maila hobetzen joateko lanean segitu nahi dut´´, esaten du Maddi Jauregik.