Perez-Mendizabal eta Zuloaga-Lazaro irabazleak Mutrikun

  • 2018-09-17

Jende askorekin, eta giro ederrean jokatu ziren larunbat gauean Mutrikuko Xistera UGAREIN torneoko finalak. Perez-Mendizabal, gazte mailan, eta Zuloaga-Lazaro, maila nagusian, izan ziren irabazleak.

Maila nagusiko finala

Gonzalez de Matauco – Manci 1 / Zuloaga – Lazaro 2 (11-15, 15-9 eta 2-5)
Ezustea eman zen final honetan, Aaron Gonzalez de Matauco eta Manci baitziren irabazteko faboritoak. Hala ere, aurrean eskarmentu handiko bikotea zuten, eta duten maila agerian utzi zuten final honetan. Lehen jokoan nagusi izan ziren urdinak. Aurren pilota duenean Zuloagak min ikaragarria egiten zuen, eta atzean Lazaro nagusi zen. Azkenean, euren nagusitasuna baliatu zuten lehen puntua lortzeko. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-9, 7-11, 9-11, 10-11, 10-13, 11-13 eta 11-15.

Bigarren jokoan erasora atera ziren gorriak, ez zuten partida galdu nahi eta horretarako kitarakoa behartu beharra zeukaten eta egin zuten. Neurketaren erditik aurrera euren nagusitasuna agertu zuten, partida berdintzeko. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-5, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 9-7, 9-8, 9-9 eta 15-9.

Hirugarrengoan, kitarakoan, alegia, Zuloagak eta Lazarok ez zuten barkatu. Aurrean Zuloagak, atzean bere lagunak egiten zuen lan bikaina ederki amaitu zuen, tantoei amaiera ederra emanez, eta eurentzat izan zen Mutrikuko Torneoa. 0-1, 1-1, 1-4, 2-4 eta 2-5.

Gazte mailako finala

Perez – Mendizabal 2 / Arrillaga – Iparragirre 0 (15-13 eta 15-14)
Aurreikuspenak bete egin ziren, Perez eta Mendizabal baitziren faboritoak. Hala ere, bikote gorriak lan asko egin behar izan zuen garaipena erdiesteko. Lehen jokoan, nahiz eta gehienetan aurretik joan markagailuan, berdintasun handia izan zen, eta behin ere ez zuten lortu hiru tanto baino alde handiagorik, eta amaieran bigatik irabazi zuten. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 3-5, 5-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-11, 12-11, 13-11, 13-12, 14-12, 14-13 eta 15-13.

Bigarren jokoan, kitarakoa behartuko zutela urdinek zirudien, ia partida osoan aurretik izan baitziren, eta baita bost kintzeko aldea lortuta ere, baina gorriek azkeneko txanpan erreakzionatu zuten, unerik egokienean, eta azkenean eurak eraman zuten bai jokoa eta baita torneoa ere. 0-2, 1-2, 1-6, 2-6, 2-7, 4-7, 4-9, 7-9, 7-10, 9-10, 9-11, 10-11, 10-12, 11-12, 11-13, 12-13, 12-14, 14-14 eta 15-14.

Irudi bilduma ikusi