Bearnoko hiriburutik Euskal Herrira begira

  • 2018-09-13

Bearnok eta Euskal Herriak betidanik izan dute lotura handia, gizaldietan atzera begiratuta ere horretaz azkar konturatuko ginateke, eta horretan protagonismo berezia izan du bertako hiriburuak, Pauek.

Pilotak ere badu lekua Pauen, eta baita zestak ere. Pauek sekulako pilotako gunea dauka, plaza librea, ezker pareta, trinketea eta pilotaleku luzea, denak gune berean, eta alde horretatik luxu bat da. Pilota bera 1913. urtean hasi omen zen Bearnoko hiriburuan, eta zesta, berriz, 1990. urtean.

´´Hasi ginenean plaza librean jokatzen genuen, eta frontoirik ez genuenez, barrukoa egiteko Hossegorrera edo Maulera joan behar izaten genuen. Hala ere zaletasuna azkar mugitu zen´´, diote Christophe eta Gerad Piergouk, taldeko ordezkariek.

Gauzak, ordea, 2006. Urtean aldatu ziren. ´´Munduko Txapelketarako egin zituzten kirol instalazio hauek, eta horrek sekulako indarra eman zion zestari. Hortik zehar ibili beharrean, jadanik dena etxean egiteko aukera ematen zigun´´, diote agintariek.

Eta egia esan, une honetan ez daude batere gaizki. ´´Une honetan 50 lizentzia ditugu, eta 25 ume ere baditugu taldean. Besteei begiratuta tankerako gabiltza, eta uste dut nahiko ongi gaudela´´, diote. “Zestaren hastapenetan plaza librean egiten genuen batez ere, lehen esan bezala frontoirik ere ez genuenean, baina Bernard Castyk lan handia egin zuen, eta hark bultzatu zuen zesta ikaragarri. Hari eskerrak eman beharra dago. Une honetan plaza librean eta frontoian, bietan ari gara´´, eransten dute.

Hala ere, arazoa eta zuloa gainerako klub gehienek duten leku berean daukate. ´´Hemen juniorrak eta kadeteak falta zaizkigu batez ere. Adin zaila da, eta hor utzi egiten dute edo beste kirol batzuetara joaten dira, nahiz eta gero batzuk itzuli egiten diren. Hor daukagu hutsunerik handiena´´, esaten dute klubeko ordezkariek.

Beste arazoetako bat mugitu beharrean daukate. ´´Bearnon ez dago beste klubik, orduan kilometroak egitea tokatzen zaigu jokatu ahal izateko. Ona izango litzateke inguruan ere beste kluben bat izatea, baina oraingoz bakarrik gaude´´ diote.

Xisteraren proiektua oso ona iruditzen zaie. ´´Proiektua oso ona da, beharrezkoa iruditzen zaigu, eta Interjaiko Txapelketa ekarri izanak sekulako poza ematen digu. Guri ere gustatuko litzaiguke bertako partaide izatea. Uste dut zestak aurrera egiteko beharrezkoa den zerbait dela,´´ diote.

Klubetik profesionalak ere atera dira, Olharan edo Alliez, esaterako. ´´Oso garrantzitsua da. Gainera, horiek hemengo umeen erreferentzia bihurtzen dira eta kirol batek aurrera egiteko erreferentziak beharrezkoak direla uste dut, non begiratua behar da ´´, esaten dute.

Pauen gogoz dabiltza lanean, eta horrela jarraituko dute. Dituzten kirol instalazioak eta inguruneak ere lagunduko die.