Osasuntsu eta sasoiko dago zesta punta Hossegorren

  • 2018-10-11

Landesetan zesta puntan jokatzen den herri bakarra da Hossegor. Euskal Herritik oso gertu dago, eta horren ondorioak nabaritzen ditu, pilota baita bertako kirol nagusia, eta batez ere zesta, golfa edo surfarekin batera. 4.000 biztanle inguru ditu urtean zehar, baina udan 45.000 izatera iristen da, eta zestak bai pilotalekuan, eta baita plaza librean ere indar handia dauka.

“60 urte baditu hemen zesta puntak. Estatu frantseseko lehen jai alaia ere hemen egin zen. Garai hartan agintaria zen Alfred Eluerrek bultzatu zuen. Zesta kirol elegantea iruditzen omen zitzaion, eta esgrimarekin eta golfarekin batera Hossegorrera ekarri zuen. Ordutik ez du etenik izan´´, esaten du Julien Moresmauk, pilotari profesional ohi, eta klubeko ordezkariak.

Izan ere, herrian zaletasun handia sortu zen berehala. ´´Pilotak beti izan du indarra, baina garbi dago une honetan zesta dela lehen kirola. Herri txikia izanik, neguan ez da jende gehiegi ibiltzen, baina uda partean, eta kanpotar askorekin, pilotalekua betetzen da, eta baita plaza librea ere´´, dio Julienek.

Izan ere, zesta punta osasuntsu dago Landesetako herri honetan. ´´Une honetan 120 lizentzia izango ditugu, eta maila guztietan ditugu pilotariak. Baina bat jartzekotan, infantilak eta kadeteak dira. Elkarte askotan adin horretako pilotariak falta dituzte, eta partida gutxitxo jokatzen dituzte´´, esaten du. ´´Gero, ahalegintzen ari gara, baina neskak falta zaizkigu´´, eransten du.

Pilotariak ere asko zaintzen omen dituzte Hosseggor Jai Alain, eta dudarik gabe, euren prestakuntza ere bai. ´´Arlo teknikoa oso garrantzitsua da, horretan ez dago zalantzarik, baina arlo fisikoa ere asko lantzen dugu. Horretarako ditugu prestatzaile fisikoak, eta eurekin ere astean lan egiten dute gure pilotariek´´. Esaten du Julienek.

Baina Hossegorren, ez dituzte puntistak lehiatzeko bakarrik, baita ongi pasatzeko eta aisialdirako ere badituzte. ´´Horretan ari gara. Beste kiroletan, eta pilotan bertan ere bai, jendea aritzen da bai eskuz, frontenisen edo palaz aisialdian, denbora pasatzeko, eta hori ekarri nahi izan dugu. Horretarako begirale bat badugu erakusteko, eta bai zestak eta pilotak erabat moldatutakoekin aritzen dira, eta badago jende multzo bat etortzen dena. Hori lortu behar dugu, aisialdirako ere balio behar duen kirola, horrek berak ere sortuko baitu afizioa´´, esaten du Julienek. ´´Horiez gain, beteranoak, adin bat badutenak ere etortzen dira oraindik izerdia atera eta ongi pasatzera´´, gehitzen du.

Etorkizuna ere ez du txarra ikusten. ´´Ez daude jai alai asko, eta ez dakit berririk egingo den, hori izan daiteke arazoetako bat, baina iruditzen zait honek aurrea egingo duela. Gutaz aparte, beste lekuetan ere gazte asko ari dira zestan jokatzen, eta honek aurrera egingo du, ez daukat zalantzarik´´, esaten du. Jai alai falta hori, Landesetan bertan ere nabari dute, Hossegorrekoa bakarrik baita erabilgarria. ´´Akizen badago beste jai alai bat, baina ez dago erabiltzeko moduan. Errugbi estadioari itsatsita dago, eta obrak egin beharko lirateke, eta ez dituzte egingo. Lehen esan dudana, arazorik handiena frontoiena izan daiteke´´. Esaten du Julienek.

Hala ere Hossegorren lanean jarraituko dute. Euskal Herritik bertan daude, eta dudarik gabe, horrek ere asko laguntzen die, partidak jokatzerakoan ez baidituzte beste leku batzuetan bezala kilometro pila egin behar. Aurrera begira indartsu daude, lehen ere profesional ugari eman ditu Hossegorrek, eta daramaten bidearekin ere, seguraski urte askoan izango da indartsu zesta punta Hossegorren.