Mikel Elkorobarrutia: ´´Oposaketak prestatzen harrapatu ninduen itxialdiak´´

  • 2020-07-16

Mikel Elkorobarrutia Markina-Xemeingo pilotaria da, Gaur egun, Xisteran dabiltzanen artean erreferenteetako bat bihurtu da. Denbora luzez geldirik egon behar izan eta gero, berriro ere jokatzen hasteko gogoz dago.

Nola joan zen itxialdia?

Egia esan, neri ez dit aparteko eraginik egin, izan ere oposaketa batzuk prestatzen ari nintzen, eta ondorioz bai ala bai etxean geratu beharra neukan haiek prestatzeko. Arlo fisikoa lantzeko bai eragin didala, eta azken batean hor gehienak bezala interneten ariketak bilatuz mantendu ahal izan naiz, eta baita ere geldiko txirridarekin ere.

Frontoia ireki bezain azkar hasi zinen entrenatzen?

Bai, nahiko azkar hasi ginen. Hasieran binaka bakarrik uzten zuten, eta horrela aritu ginen. Hasiera hartan giharretako minak eta izan genituen, baina gustura, hori baita gure saltsa.

Jadanik lehiatzen hasteko irrikaz?

Bai, gogoarekin, baina ostiraletan Markina-Xemeinen partidak jartzen dizkigute, eta hor nolabait ere gure neurketak jokatzeko modua izaten dugu, eta horrek apur bat asetzen gaitu, baina dudarik gabe lehiaketak eta torneoak jokatzeko gogoa ere eginda nago.

Atzera begiratuta, nola ikusi zenuen iazko Xistera Zirkuituan?

Hasi ongi hasi nintzen, baina txapelketak aurrera egin zuen moduan behera egin nuen. Ez nintzen orain bi urte bezain ondo ibili, eta ez dakit zergatik. Ez nintzen oso gustura geratu, lehen esan dizudan bezala hasi bezala ez nuelako jarraitu.

Eta Interjain?

Ez eta han ere. Egia esan hiru partida kitarakoan galdu genituen aurretik jardun ostean, eta horrek amorru apur bat ere ematen du.

Zein helburu zenituen jarrita denboraldi hontarako?

Helburu zehatz bat ez nizuke esango. Nire aurrenekoa izango litzateke iazko lana gutxienez berdintzea, okerrago ez egitea, eta hortik aurrera dena hobetzen joatea eta Xisterako Zirkuituan ahal izanez gero, Interjairako txartela lortzea.