Kadeteek ere ekin diote Xistera Zirkuituari

  • 2019-07-02

Mutilen maila guztiak jadanik lanean hasiak dira Xistera Zirkuituan. Larunbatean gazteenek, kadeteek, ekin zioten Noaingo Bidezarra pilotalekuan. Xisteraren helburua harrobia lantzea da, eta aurten kadeteek lehen aldiz izango dute euren aukera. Bi kiniela jokatu zituzten ilusioz beterik, eta aurrenekoan Odriozola eta Urkiri izan ziren irabazleak, eta bigarren postuan, berriz, Mugertza eta Lopez de Suso sailkatu ziren. Bigarrengoan, berriz, Aranzeta eta Rodriguez gailendu ziren, eta bigarren 14 tantorekin Bilbao eta Ureta sailkatu ziren.

Maila nagusikoek ere Noainen izan zuten jardunaldia, eta lehen etapako lehen fasea amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, Cabanillasen abuztuaren hasieran jokatuko den finalerako ezer erabakitzeko dago. Aurrelarien artean une honetan Aaron dago ongien kokatuta, baina jokatu beharrekoak jokatu ditu. Atzelarien artean, berriz, Manci, dena irabazi baitu mutrikuarrak, gainera oraindik jardunaldi bat geratzen zaio jokatzeko. Bi aurrelaririk onenak eta bi atzelaririk onenak sailkatuko dira etapa honetako finalerako maila guztietan, eta oraindik ate asko daude zabalduta. Noainen, lehen kiniela Gaizkak eta Mancik eraman zuten eta atzetik Aaron eta Uranga sailkatu ziren 11-rekin. Bigarrengo kiniela, berriz, Aaronek eta Mancik irabazi zuten eta bigarren Gaizka eta Danel Mandiola sailkatu ziren 12rekin. Datorren larunbatean Donostian jokatuko den jardunaldian erabakiko da dena.

Bigarren mailan ere zer erabakitzeko dago. Aurrelarien artean Alex Ibañez dago ongien kokatuta azkeneko bi kinielak ere irabazi egin zituen tolosarrak, baina jokatu beharreko bi jardunaldiak jokatu ditu Beotibar Elkarteko pilotariak. Atzelarien artean, berriz, Garat eta Mugartegi daude ongien sailkatuta, baina hemen ere azkeneko jardunaldian erabaki beharko da.

Noainen, lehen kiniela Ibañezek eta Garatek irabazi zuten, eta atzetik bigarren postuan Etxegarai eta Bozom sailkatu ziren 12 tantorekin. Bigarren kinielako onenak, berriz, Ibañez eta Mugartegi izan ziren 15 tantorekin, eta bigarren postua izan zen Etchegaray-Olazagastirentzat.

Hirugarren mailakoa ere dena Donostian erabakiko da. Hemen ere ate asko daude zabalik bai aurrean eta baita atzean ere, eta Karmelo Baldak erabakiko du Cabanillaseko finalean zeintzuk izango diren. Noainen, Iñaki del Rio izan zen protagonista nagusia. Atzelari arabarrak  bi kinielak irabazi zituen. Aurrenekoan Arakistain bizkaitarra izan zuen lagun, eta bigarrengoan Larrageneuy zuberotarra. Bigarren, aurrenekoan Bonin eta Basterretxea sailkatu ziren, eta bigarrengoan, berriz, Arakistain-Iriondo eta Teresa-Olabarria.

Irdudi Bildumak
KADETEEN argazki bilduma ikusi SENIORREN (mutilak) argazki bilduma ikusi
Emaitzak
KADETEEN emaitzak kontsultatu SENIORREN (mutilak) emaitzak kontsultatu