Interjai Txapelketa iritsi da erdi lanetara

  • 2019-10-09

Xisterako Interjai Txapelketa iritsi da erdi lanetara, eta hirugarren jardunaldia ospatuko du ostiral honetan 19.00etatik aurrera Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Aurreneko partidan, sailkapeneko lehen postua egongo da jokoan, orain arteko bi partidak irabazitako bi bikoteak izango baitira aurrez aurre. Alde batetik, Antxon eta Aitor Elkorobarrutia arituko dira, eta bestetik Etcheberry eta Ibarluzea. Ezeren okerrik ez dela, bere lesioa gainditu ostean, lehen aldiz arituko da txapelketa honetan Aitor Elkorobarrutia.

Aurreneko partidan, bi neurketak irabazi dituztenak baldin badira, bigarrengoan orain arte biak galdu dituzten bi bikote lehiatuko dira, eta gutxienez finalerdietan sartu nahi baldin badute, irabaztera behartuta daude biak ere. Alde batetik Zuloaga eta Uriel izango dira, eta bestetik, berriz, Gaizka eta Mikel Elkorobarrutia.

Azkenik, Aaron eta Zugaitz, Lalooren eta Manciren aurka neurtuko dira. Bikote hauek partida bat irabazi eta bestea galduta datoz, eta bientzat ere oso garrantzitsua izango da garaipena, oraindik zuzenean finalean sartzeko itxaropen horri eusteko.