Interjai irabazteak aurrera egiteko indar handia eman diela onartzen dute Lalook eta Mancik

  • 2020-02-06

Andoni Laloo eta Mikel Manzisidor Manci izan dira denboraldi honetako Interjaiko txapeldunak. Lapurtarra eta gipuzkoarra ez ziren ongi hasi, lehen partida galdu egin baitzuten, nahiz eta doi-doi izan. Hortik aurrera garaipenak bat bestearen atzetik pilatu zituzten, zuzenean finalean sartu eta txapelak lortzeko.

´´Mutrikun, etxean, jokatu genuen aurreneko partida eta bi jokoak tanto batez galdu genituen. Hasiera ez zen ona izan, baina han konturatu ginen zerbait egiteko aukerak izango genituela. Handik aurrera dena ongi joan da´´, esaten du Mikel Manzisidor Mancik. ´´Hasierak beti dira zailak. Mikelek eta biok ia ez dugu elkarrekin jokatu, eta lehen partidan hori nabaritu zen. Handik aurrera dena primeran joan zen´´, esaten du, berriz, Andoni Lalook.

Handik aurrera dena nahi bezala joan zen, eta Pauen lortu zuten finalean izateko txartela. ´´Horrek lasaitasun handia ematen zigun. Azken batean finalerdiak jokatzean presio handia izaten da, eta zuzenean finalean izateak konfiantza ere gehitu zigun´´, esaten du Mancik.

Zumaian jokatutako finala ere ez zen ongi hasi, lehen jokoa galdu egin baitzuten. ´´Aurreneko jokoa ez zitzaigun ongi atera. Hobe izaten da irabazten hastea, baina galdu egin genuen. Ez genuen geure artean ongi hitz egin, ez genituen behar zirenak ongi egin, baina horren ostean hitz egin genuen, eta irabazi genezakela esan genuen, eta handik aurrera ongi joan zen´´, esaten du Andoni Lalook.

´´Beti izaten da komenigarria irabazten hastea, horrek presioa besteei sartzen dielako, baina azken batean garrantzitsuena ez da nola hasten den, nola amaitzen den baizik, eta alde horretatik ongi joan zitzaigun. Behin kitarakoa jokatu behar denean, edozer gerta daiteke, eta uste dut guk gehiago asmatu genuela´´, esaten du atzelari mutrikuarrak.

Mikelek final honetan Xistera Zirkuituan sartu zitzaion arantza hori atera nahi omen zuen. ´´Xisterako Zirkuituko finalean galdu egin nuen, baina minik handiena nire mailarik onena ez emateak egin zidan. Erdi lesionatuta jokatu nuen final hori, eta hori Interjain konpondu nahi nuen, eta azkenean lortu nuen´´, esaten du.

Aurrera egiteko ere indar handia ematen diola onartzen du. ´´Finaletan izateak beti ematen dizu indarra, azken batean bide onean zaudela esan nahi baitu, baina gainetik horrelako final handi bat irabazten baduzu, aurrera egiteko sekulako gogoa eta indarra ematen dizu´´, dio Mikelek.

Andoni Lalook ere gauza bera esaten du. ´´Honelako final handi bat, horrenbeste jenderen aurrean irabazteak poz itzela ematen du. Nik, gainera, bi hilabete eman ditut jokatu ezinik min hartuta, ez jokatu, ez eta entrenatu. Horrek zalantzak pizten dizkuzu, ez dakizulako honelako final handi batean nola erreakzionatuko duzun, baina ongi joan zen, eta horrek sekulako indarra eta poza ematen dizu. Honelako garaipen batek aurrera egiteko ikaragarri balio du´´, esaten du aurrelari lapurtarrak.