Hastera doa Xistera Zirkuitua

  • 2019-06-11

Hastera doa Xisterako Zirkuitua, eta mutilak izango dira ekiten aurrenak. Larunbatean Gasteizko Olave pilotalekuan jokatuko baita lehen jardunaldia, 16.00etan hasita. Aurtengoan berrikuntzekin dator, eta berrikuntza horretan mutiletan hiru maila izango dira. Iaz maila nagusia eta gazte maila ziren gizonezkoetan, eta aurten, berriz, Lehen, Bigarren, eta Hirugarren mailak izango dira. Denboraldiaren amaieran jaitsierak eta igoerak ere izango dira.

Hiru fase izango ditu, eta fase bakoitzean lau sede izango dira, eta pilotari bakoitzari lau kinielarik onenak hartuko zaizkio kontuan. Horrela, fase bakoitzeko aurrelaririk onenak eta atzelaririk onenak, bigarren onenen aurka jokatuko dituzte finalak. Hiru izango dira, eta amaieran punturik gehien duten aurrelaria eta atzelaria zuzenean sailkatuko dira finalera, eta bigarrena, hirugarrena eta laugarrena finalerdietara sailkatuko dira. Final handia abenduaren 20an izango da.

Gasteizen hiru mailak arituko dira. Lehen eta Bigarrengo mailetan 16na pilotari arituko dira, eta Hirugarren mailan, berriz, 8 aurrelari eta 12 atzelari izango dira, eta ondorioz maila honetan hiru kiniela izango dira, denak ere 15 tantura. Kiniela bakoitzerako egingo da bikoteen zozketa, orain arte egin izan den bezalaxe.

Horrek emozioa eta intentsitatea areagotu egingo ditu, eta ikuskizunik ere ez da faltako, jaialdi guzietako puntuak beharrezkoak izango baitira. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako pilotariak izango dira, klub ezberdinak ordezkatuz. Behin abian jarrita, abiada handia hartuko du lehiaketa honek, bigarren jardunaldia Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko baita ekainaren 22an, 16.00etan hasita.