Handien tartetik burua atera nahi du Olharroak

  • 2018-07-05

Olharroa da Getariko elkartea. Lapurdiko kostaldean dagoen herri honek, ordea, ondoan hiru handi ditu; Donibane Lohizune, Bidart eta Biarritz. Hala ere burua ateratzen saiatzen da, eta pozez esaten du Ipar Euskal Herriko klubik zaharrena dela.

´´Gure elkartea 1922. urtean sortu zen, Frantziako Pilota Federazioa sortu eta urte batera´´, dio Chris Zamorak, taldeko ordezkariak. Plaza librean aritu dira 90. hamarkadara arte, baina ordutik frontoia eta plaza, biak uztartzen dituzte.

´´Urte askoan guk plaza librea bakarrik egin dugu, ez dugu besterik egin. Zestan aritu nahi zutenak, Donibane Lohizunera joaten ziren, baina 90. hamarkadan erabaki genuen guk ere frontoian jokatu behar genuela, eta orduan hasi ginen hemen ere jokatzen´´, dio Zamorak.

Baina zestan aritzea ez dute samurra, ez baidute herrian frontoirik. ´´Hemen plaza librea bakarrik dakagu, herrian ez daukahgu frontoirik ez txikirik ez handirik, batere ez, eta orduan denak Doninane Lohizunera, edo Biarritzera joan behar dute. Ez da lan samurra, baina guk aurrera egiten dugu´´, esaten du.

´´Horrela, denboraldia bitan banatzen dugu. Maiatzetik irailera plaza librea, eta gainerako hilabeteetan, berriz, frontoian aritzen gara. Hemen denak egiten dute bietatik´´ gehitzen du Chrisek. Olharroa da Getariko klub bakarra, eta zesta eta pala hartzen ditu bere baitan. ´´Frontoirik ez baina, trinketa badugu, eta palaz ere aritzen dira, eta gure elkartean pala eta zesta, biak hartzen ditugu. Herrian ez dago eskuz aritzen denik´´, dio.

Etorkizuna, ordea, ez du argia ikusten. ´´Egia esan ez gaude gaizki, baditugu pilotariak maila guztietam txikietatik hasi eta handiak arte, baina aurrera begira ezin gara oso itxaropentsu egon. Une honetan 100 lizentzia ditugu, bai pala eta baita zesta batuta. Horietako erdiak bakarrik dira lehiaketetan parte hartzen dutenak, besteak euren artean jokatzeko dute lizentzia´´, esaten du. ´´13 urtetik 16 urte bitartekoan larri gabiltza. Adin zaila da. Hemen surfak ere indar handia dauka, eta gero ondoko herrietan futbola edo errugbia daude´´, gehitzen du.

Xisteraren ekarpena ere garrantzitsua dela dio, baina txikiagoekin ere zirkuitoren bat antolatzea komenigarria litzatekela dio. ´´Xisteraren ekarpena oso garrantzitsua da. Maila hobetzeko, partida gehiago jokatzeko, beste ilusio bat pizteko, denetarako balio du Xisteraren ekarpenak. Hala ere, uste dut kadete maila horretan ere beharrezkoa dela. Adin zaila da, adin horretako jendea gutxitzen ari da zestan, eta honelako lehieketek seguraski ilusioa piztuko lieke haieri ere´´, esaten du.

Afizioaren aldetik, gutxi dagoela dio herrian. ´´Getarin ez dago afizio handirik. Dena dela, plaza libreko jaialdiak antolatzen ditugu asteazkenero, udan. Hemen hondartza dago eta turista asko izaten da, eta haiek joaten dira partidak ikustera.

Olharroak lanean jarraitzen du, eta elkartetik sortutako bi, Laduxe eta Etxeto, profesionalak dira, eta hauek dira umeen erreferentzia. Alboan hiru herri handi izan da, ez dute lan erreza, eta are gutxiago frontoirik izan gabe, baina aurrera lanean jarraitzeko gogoz daude. Laister 100 urte beteko dituzte, eta horrek berak ere ilusio handia sortzen dio Getariako Olharroa taldeari.