Goixerrik eta Andonegik Interjain lortutakoarekin gozatzen jarraitzen dute

  • 2018-10-24

Badira bi aste Interjaiko finala Bilbon jokatu zela, eta irabazleek, Goixerrik eta Andonegik, hartaz gozatzen jarraitzen dute. Garaipen handia lortu zuten, leku paregabe batean, eta jendetzaren aurrean. Denbora izan dute guztia hausnartzeko, eta orduko bizipenak oraindik buruan oso fresko dituzte.

´´Egia esan honelako garaipen batek indar handia ematen du aurrera egiteko, ederra izan zen´´, dio Ekaitz Mendizabal Goixerrik. ´´Irabazita edo galduta ez da hurrengo entrenamendua berdina izaten, eta honelako garaipen batekin gutxiago. Aurrera egiteko indar handia ematen duen horietakoa izan zen´´, esaten du, berriz, Aitor Andonegik.

´´Nik uste dut finala oso ona jokatu genuela. Antxonek eta Ibarluzeak oso bikote handia osatzen zuten, eta bagenekien haiei irabazteko lan asko eta ongi egin beharko genuela, eta horrelaxe egin genuen. Izerdi asko bota behar izan genuen  irabazteko, baina lortu genuen´´, dio Goixerrik.

´´Ikaragarri sufrituta irabazi genuen´´, dio berriz, Andonegik. ´´Finalerdietan ikaragarri gozatu nuen, baina hemen ez. Ez dakit presioak edo urduritasunak eraginda, baina ez nuen lortu libratzerik, ez nahi bezala behintzat´´, eransten du atzelari mutrikuarrak.

Goixerrik eta Andonegik irabazi egin zuten lehen jokoa, baina bigarrena galdu, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Hala ere, Goixerrik dio, bazekitela zer egin behar zuten. ´´Bagenekien hirugarren jokoa irabazteko aukerak genituela, baina horretarako hutsik ez genuela egin behar. Partidan oso sartuta geunden biok, eta hirugarren joko bikaina egin genuen´´, dio aurrelariak.

Andonegik, ordea, bigarrenaren amaieran buruak buelta asko eman zizkiola onartzen du. ´´Bigarrengoan izan genituen irabazteko aukerak, baina ez genituen baliatu, eta gero hirugarrengoan edozer gerta zitekeen. Une horretan buruak buelta asko ematen ditu, baina azkenean dena ongi atera zen´´, ekartzen du gogora atzelariak.

Bizitako giroa ere ez daukate ahazteko. ´´Sekulako giroa izan zen. Horrelako pilotaleku baten, eta ia dena beteta zegoela ikusteak bakarrik, neri sekulako indarra eman zidan. Gainera, Mutrikuko jende pila bat etorri zen, denak gu animatzera, eta hori ikaragarria izan zen, betirako gogoan izateko modukoa´´´, dio Ekaitzek.

´´Neretzat ere giro bikaina izan zen, pilotaleku eder batean. Ikustea horrenbeste mutrikuar gu animatzen, latza izan zen. Egon zen une batean, gainera, Goixerrik berak jarri zituela animatzen tanto baten amaieran, hura ere gogoan daukat. Egun polita izan zen´´, dio Aitorrek.

Finala ere behar bezala ospatu zutela onartzen dute biek. ´´Mutrikura iritsi ginenean, han zeuden gure lagunak, eta gau ederra izan zen. Uste dut txapelketa handi bat irabazi genuela, eta merezi zuela ospatzea´´, esaten du Goixerrik.

Interjai irabazteaz gain, orokorrean utzi dizkien oroitzapenak oso onak direla esaten dute biek. ´´Azken batean normalean jokatzen ez dugun frontoietan jokatzeko aukera izan dugu, eta pilotariekin ere asteburuak batera pasa ditugu behin baino gehiagotan, eta hor izan ditugu bizipen berriak, gure arteko harremanak ere sendotzeko balio izan dutenak. Uste dut lehiaketa oso ona izan dela zentzu guztietan´´, dio Aitor Andonegik.

Baina Interjai joan zen, eta orain Ugarein Xistera Zirkuitoa ari da azken txanpara sartzen. Goixerrik eta Andonegik hor ibili nahi dute ongi, eta ibili beharra daukate, berriro ere Interjain izan nahi baldin badute.

´´Nire helburua aurrena finalerdiak seguratzea izango da gutxienik, aukerak ditut hor sartzeko, eta asmo horrekin nabil eta gero finalerdietan saiatu finalean sartzen´´, esaten  du Ekaitz Mendizabalek.

Aitor Andonegik, berriz, gauzak ilunago ikusten ditu. ´´Lau torneo jokatu ditut eta gauzak ez zaizkit nahi bezala atera. Finalerdietan sartzea ez dut erreza izango, baina ditudan aukerak baliatu nahi nituzke hor izateko´´, esaten du atzelariak.

Hemendik aurrera gertatzen dena gertatu, urteko lehen txapel handia eurentzat izan da, eta horrek ere sekulako balioa izango du etorkizunerako.