Gipuzkoako hiriburuan ere elkarte indartsu bat nahi dute

  • 2018-08-08

Ez da erreza, baina Gipuzkoako hiriburuan ere zestako elkarte indartsu bat nahi dute eta horretarako ari dira lanean Donostia Jai Alai klubekoak. ´´Hemen, lehen profesionalen partidak jokatzen ziren, eta elkartea bera 1992. urtean sortu zen´´, esaten du klubeko ordezkaria den Unai Alberrok.

´´Lehen presidentea Juan Inazio Zulaika zen, eta Igor Igerategi aurreneko entrenatzailea. Joxe Ramon Arregi ere berehala hasi zen entrenatzaile lanetan, eta oraindik jarraitzen du´´, esate du Alberrok. Une honetan Donostian 20 lizentzia omen dituzte, eta aurten neska bat daukate. ´´Garairik onenean 40 izatera ere iritsi ginen, baina une honetan dauzkagunak dauzkagu, eta guk lanean jarraitzen dugu kopuru hori handitzeko asmoarekin´´, esaten du Unaik.

Izan ere, hiruburu batean aukera asko daude, eta ez da erreza jendea erakartzea. ´´Donostian aukera asko daude kirola egiteko, egin daitezken kirolik gehienak daude hemen eta ez da erreza jendea zestara erakartzea. Hala ere, eskolaz eskola gabiltza, gurea zer den erakusten. Probatzera ugari etortzen dira, baina jarraitu gutxik egiten dute. Hala ere, beti izaten da geratzen den bakarren bat ere, eta horrekin apurka-apurka zenbakiak igotzen joateko itxaropena daukagu´´, esaten du.

Nahiz eta jende asko ez izan, 10 urtetik gora maila guztietan omen dituzte pilotariak. ´´Ez dauzkagu pilotari asko, baina gutxienez maila guztietan aritzeko adina badauzkagu, eta ezta gutxi. Kirol instalazioen aldetik ere ez gaude gaizki, Donostian Karmelo Baldan aritzen baigara gu´´, dio Unaik.

Afizio aldetik ere Donostian asko ez omen dago. ´´Ez da afizio handirik. Hemen partidak jarritakoan zaila da harmailak betetzea. Normalean udaz baliatzen gara, eta horrekin turista asko etorri izan da´´, esaten du Alberrok.

Etorkizuna ez da erreza ikusten, baina lanean jarraitzeko gogoz daude Donostia aldean. ´´Etorkizuna uste dut gainerako klub guztietan bezalaxe ez dela erreza, baina gu lanerako prest gaude, eta aurrera jarraitzeko gogoarekin´´, dio Unaik.

Profesionalak ere izan dira Donostian. ´´Hemen profesional bat baino gehiago izan dira, baina hiriko jende askok jakin ere ez du egingo, ez dut uste behar adina meritu ematen zaienik. Zulaika, Narbarte, Egiguren, hemen dauzkagu, baina esan bezala, askok ezagutu ere ez dituzte egingo´´, dio Unaik.

Xisteraren ekarpena, berriz, etorkizunari begira oso garrantzitsua dela deritzo. ´´Xistera proiektua oso garrantzitsua da, pilotariei beste torneo garrantzitsu batzuk jokatzeko aukera ematen die, beste pilotari batzuekin, normalean aritzen ez direnekin aritzeko, beste bikote batzuekin jokatzeko, eta horrek maila handiko partidak jokatzeaz gain, ikasteko ere asko balio die´´, esaten du Unaik.

Garbi dago Donostian ez dutela etsiko, eta buru-belarri lanean jarraituko dutela, Gipuzkoako hiriburuan zestaren alde, eta han ere kirol honek bere lekua izan dezan.