Antxon-Mandiola eta Hernandez-Iturralde nagusitu dira Cabanillasen

  • 2018-08-07

Antxon eta Jon Mandiola, maila nagusian, eta Hernandez eta Iturralde, gazteetan, izan dira asteburuan jokatu den Cabanillaseko Xistera UGAREIN zirkuitoko torneoko onenak.

Larunbatean eta igandean, antolakuntza bikainarekin eta pilotalekuko harmailak beteta izan direlarik, jokatu dira partidak. Lehen egunean kinielak jokatu ziren, eta maila bakoitzeko bi bikote onenek lortu zituzten igandeko finalak jokatzeko txartela. Bi kinielak irabazi zituztenak lortu zituzten ondoren txapelak ere.

Gazte mailako kiniela oso orekatua izan zen, eta azken unerarte ez zen erabaki. Hernandezek eta Iturraldek lortu zuten 15era heltzea. Atzetik, Galletebeitia eta Alonso sailkatu ziren. Maila nagusikoan, Antxonek eta Mandiolak oso azkar egin zuten zuloa eta hori ederki kudeatu zuten. Bigarren posturako borroka handiagoa izan zen, eta hor sartu ziren herriko bi, Anton eta Uriel.

Gazte mailako finala

Hernandez – Iturralde 2 / Galletebeitia – Alonso 0 (15-12 eta 15-8)

Lehen jokoa orekatu samarra izan zen, berdinketa ugarirekin, baina zazpinakoaren ostean, gorriek ihes egin zuten, jokoa erabakiz. 2-0, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 12-7, 12-8, 13-8, 13-10, 13-12 eta 15-12.

Bigarren jokoan gorriek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, eta joko erosoa izan zuten, bigarren puntua lortu eta torneoa eramateko. 3-0, 3-1, 6-1, 6-2, 7-3, 8-3, 8-4, 10-4, 10-5, 13-5, 13-6, 14-6, 14-8 eta 15-8.

Maila nagusiko finala

Antxon – Mandiola 2 / Anton – Uriel 0 (15-10 eta 15-8)

Antxonek eta Mandiolak aurreikuspenak bete egin zituzten, nahiz eta lehen jokoan sufritzea tokatu zitzaien. Nafarrak oso indartsu abiatu ziren, jokoa atzean sartuz eta 1-5 aurretik jarri ziren. Hamargarren tantora arte ere markagailuan nagusi izan ziren, baina hortxe geratu ziren, bizkaitarren erreakzioa bikaina izan baitzen, lehen puntua eskuratuz. 0-4, 1-4, 1-5, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-9, 8-9, 8-10, 10-10 eta 15-10.

Bigarren jokoan bizkaitarrek hasieratik erakutsi zuten euren aginte makila. Cabanillaseko bikoteak eutsi zien lehen bost tantoetan, baina gero ezin izan zuten, eta garaipena Bizkaira joan zen. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8 eta 15-8.