Emozioa Gasteizen

  • 2019-06-17

Abian da Xisterako 2019ko zirkuitua eta emozioa eta ikuskizuna uztartu dira lehen jardunaldi honetan. Jende askoren aurrean jokatu zen lehen saio hau.

Bigarren Mailako kinielekin abiatu zen saioa, eta lehenengo horretan Victor Hernandez eta Markel Andonegi izan ziren 15 era iristen aurrenak. Donostiarrak aurrean sekulako erraztasuna erakutsi zuen, eta atzean, Andonegi nagusi izan zen. 10 tantorekin geratu ziren bigarren postuan Alex Ibañez eta Julen Goitiandia.

Bigarren kinielan, berriz, Alain Garcia eta Gorka Sorozabal izan ziren onenak. Gipuzkoarra aurrean nagusi agertu zen, eta lapurtar gazteak atzean aginduz, zuloa egin zuten hasieratik, eta aurkariek ezin izan zieten aurre egin. Bigarren Alex Ibañez eta Markel Andonegi geratu ziren 8 tanturekin.

Ondoren maila nagusikoen txanda etorri zen. Lehen kiniela oso lehiatua izan zen, eta garaipena Iñaki Bailok eta Jon Ibarluzeak eraman zuten, eurak izan baitziren 15 tantora iristen lehenak. Baina oso gainean izan zituzten bigarren sailkatu ziren Bixente Gonzalez eta Jon Mandiola, 13 tantorekin geratu baitziren.

Lehen kiniela estua izan baldin bazen, bigarrena ikaragarria izan zen, emozioa handia izan baitzen, eta amaierara arte ezin izan zen jakin zeinek eramango zuen garaipena. Aaron Gonzalez de Matauco eta Uriel Arellano, atzetik aurrera eginez, izan ziren amaierara 15 tantora iritsi zirenak, baina atzekoak ere oso gainean izan ziren. Hiru bikote, Gotzon-Jon Mandiola, Bixente Gonzalez-Mikel Elkorobarrutia eta Iban Etxeberri-Jon Ibarluzea 13 tanturekin geratu baitziren.

Hirugarren maiako kinielen protagonista nagusia Eñaut Urreisti izan zen. Mutrikuar gazteak irabazi egin zituen hiru kinielak, eta horietako bi Javi San Joserekin. Hauek 10 tantora jokatu zuten, eta hiru kiniela. Lehen kinielan, Alain Basterretxea izan zuen lagun Urresitik, eta hasieratik menperatu zituen aurkariak. Bigarren Aimar Agirre-Luken Iriondo eta Julen Zamora-Julen Cabanillas, 6rekin.

Bigarren kinielan, Urreistik San Jose izan zuen lagun, eta lehenengotik lortu zuten ihes egitea, aurkariei inongo aukerarik eman gabe, eta segituan iritsi ziren 10 tantora. Bigarren Julen Zamora eta Julen Cabanillas sailkatu ziren, 3 tantorekin.

Hirugarrena izan zen estuena, baina berriro ere Urreisti eta San Jose jaun eta jabe izan ziren, bigarren kiniela ere erreskadan irabaziz. Kiniela guztietan hasi aurretik zozketa egiten da, eta azkeneko bietan batera egokitu zitzaien biei. Berriro ere eurak izan ziren 10era iristen lehenak. Atzetik, 6 tantorekin, Charles Bonin-Batiste Laborde eta Julen Bidondo-Alain Basterretxea sailkatu ziren.

Torneoko argazki bilduma ikusi