Egindako lanaren fruituak jasotzen ari da Danok Bat

  • 2018-06-06

Mutrikuko Danok Bat taldea zesta munduan oso ezaguna da. Lan asko egin du elkarte honek, eta gaur egun bizi duen egoera ere oso ona dela esan daiteke. Ilusioz ari dira lan egiten, eta ilusio hori denengan zabalduz ere bai. Lan onaren fruituak jasotzen ari dira Mutriku aldean.

Kluba 1980. urtean sortu omen zen. ´´Luis Mari Altuna izan zen aurreneko maisua. Pilotari profesional ohia. Bera izan zen eskolako aurreneko irakaslea, bera zen baita ere kantxeroa, garai hartan horrela izaten zen lekurik gehienetan´´ esaten du Jon Mendizabal, profesional ohiak, eta klubeko ordezkari eta irakasleak.

Berak oraindik gogoan ditu 80. hamarkada, eta ondorengo urteak ere bai. ´´Orduan ilusioa ikaragarria zen. Pilotari asko joaten ziren Ameriketara, eta gure ametsa ere hori zen. Zestan jokatu, profesional egin, eta hara joatea. Mutrikun afizioa ikaragarria egon da beti, eta orduan ere horrelaxe zegoen´´, dio.

Altunaren lan harek ordaina ere izan zuen. ´´Garai hartan, profesional ugari izan ziren Mutrikun, eta gogoan daukat 1987. urtean herriko zortzi pasatu zirela profesionaletara, eta Mutriku bezalako herri batentzat hori ikaragarria da´´, dio.

Hala ere, eskola sortu baino askoz ere lehenago Mutrikun zestako afizioa eta zaletasuna bazela ekarri nahi du gogora Mendizabalek. ´´Lehen esan bezala, Mutrikun beti izan da zaletasun handia, eta eskola baino askoz ere lehenagotik dator zaletasuna gure herrian. Pilotari legendarioak izan dira hemen, Amutxastegi, Altuna, Egurbide anaiak, Txurruka, eta beste abar luze bat. Horiek denak gure kirol honetan punta-puntakoak izan ziren´´, dio.

Beste lekuetan bezalaxe, 90. hamarkadaren erdialdera hasi zen beherakada. ´´Ameriketan frontoi ugari itxi ziren. Orduan Kasinoei garrantzia ematen hasi ziren eta frontoiak sobrean geratzen hasi ziren. Greba luze bat ere egon zen tartean, eta azken batean gauza asko batu ziren, eta zesta profesionalaren beherakada etorri zen, eta ondorioz, gainerakoena ere bai´, esaten du.

Mutrikuko Danok Baten osasuna une honetan oso ona da, baina izan zituen bolada txarrak ere. ´´Hor tarte bat izan zen, urte batzuk, eskolarik egon ez zena. Gero, 2002. urtean niregana etorri zen Udaleko teknikaria hau martxan jarri nahi zutela esanez, eta azkenean aurrera egin nuen. Urte batzuetan pilotan jolastuz eta gazteei erakusten aritu nintzen, biak batera, pilota jokatzeari utzi nion arte´´, dio Jon Mendizabalek.

Geroztik jo eta su jarraitzen du lanean, zesta bultzatzen, eta gauzak nola dauden, oso gustura daude. ´´Eskolan lan oso ona ari gara egiten, eta egun 50 lintzentzia inguru izango ditugu. Maila guztietan dauzkagu pilotariak, eta neskak ere badauzkagu. Beti gehiago nahi izaten da, baina ez gaude gaizki. Lehiaketetan ere oso ongi gabiltza, mordo bat irabaziz´´, dio Mendizabalek.

Xisteararen ekarpena ere oso garrantzitsua izan dela dio Jonek. ´´Xisterak bizitasun handia eman dio zestari. Lehen klub bakoitzak bere aldetik egiten zuen lan, eta orain Xisterak denentzako egiten du, eta hori da garrantzitsua. Lehiaketa oso onak daude antolatuta, gazteei aukera asko ematen dizkie, baina baita txikiei ere. Egiten diren topaketak, eta kanpusak, esaterako, oso garrantzitsuak dira. Zestan dabilen jendeari, guzti honek ilusio handia sortu dio, eta hori nabaritzen da. Xistera proiektua abian jarri zenetik, eskoletan jendea ugaritu egin da, poza eta aurrera egiteko gogoak handitu egin dira, eta horrek bizi handia ematen dio gure kirolari´´, deritzo.

Mutrikuko afizioa eta pilotalekuan izaten den giroa ere ekartzen ditu gogora Mendizabalek. ´´Mutrikun beti izan da afizioa, eta partidak daudenean beti erantzuten du. Gainera, oso berezia da frontoia, kantxatik oso gertu daude harmailak, eta horrek oso giro berezia sortzen du hemen. Pilotariak ere oso gustuko duten frontoia da gurea´´, esaten du.

Etorkizunari begira jarrita, berriz, itxaropen handiarekin ikusten da Mendizabal. ´´Zestak etorkizuna badauka, eta hori garbi daukat. Oraindik helmugara iristeko asko falta zaiola ikusten dut, eta hau berriro ere indarra hartzen ari dela´´, onartzen du. Ilusio eta gogo horrekin jarraituko dute Mutrikun lanean, eta horrela egin da, berriro ere fruituak jasotzen jarraituko dute Danok Bat Elkarteko kidea.