A Coruñan hutsetik hasteko prest daude

  • 2018-09-28

Club de Pelota La Coruña da Galizian une honetan dagoen pilotako elkarte bakarra. Ez da unerik onenak bitzen ari, baina berriro ere lanari ekin diote, eta aurrera egiteko ilusio eta gogoarekin daude. Oraingoz pala da bertakoen jokamolde nagusia, baina aurretik zesta ere izan dute eta hori berreskuratzeko asmoarekin dabiltza.

´´Badira hiru urte hemen zestan inork jokatzen ez duela. Hemengo azkeneko puntistak utzi ziotela ia hamar urte izango dira, baina Euskal Herritik ekarritako pilotariek jokatzen zuten gure klubarentzat. Haiek profesionaletara pasatu ziren eta akabo. Atzetik ez zetorren inor, eta hortxe amaitu zen´´, esaten du elkarteko ordezkaria den Nacho Garciak.

Izan ere Galizia osoan pilotak oso egoera txarra bizi du. ´´Une honetan A Coruñan bi pilotaleku dauzkagu, bata 36 metrokoa, eta bestea 54 metrokoa, eta Vigon dago hirugarren bat 36 metrokoa, baina han jadanik ez da pilotan egiten´´ dio Nachok.

´´Zesta elkartean ez dagoenetik, hemengo pilotaleku luzea ere ez da erabili pilotarako, beste kirol batzuetarako bai, baina pilotarako ez. Hemen jenderik gehienak ez daki frontoirik dagoenik ere. Beraz ez da erreza hemen pilota suspertzea, baina saiatuko gara´´, eransten du.

Hala ere lanean hasi dira. ´´Pilota eskola sortu dugu, eta hor gabiltza palan. Gure ametsa eta nahia zesta ere berreskuratzea da, eta horretan ari gara lanean. Guretzat dozena erdi bat lortzea, handia litzateke, eta helburu horrekin gabiltza´´, dio Nachok.

Berak garbi dauka zer egin behar den. ´´Eskoletara joan behar da, eta erakutsi zer den. Gero saiatu erakartzen gure eskolara. Umeekin eta gazteekin hasi nahi dugu. Jakin badakigu ez dela erreza, baina saiatu nahi dugu. Hemen badago zesta gustatzen zaion jendea, eta falta botatzen dute orain´´, esaten du.

Hala ere, garbi dauka, aurrera egiteko teknikariak ere beharko direla. ´´Azken batean pilota osoa, jokamolde guztiekin berreskuratu nahi dugu, eta horretan ari gara. Teknikarien laguntza ere horretarako beharrezkoa izango dugu. Arraunean euskal hiritarrak eta galiziar hiritarrak eskutik helduta dabiltza, pilotan ere ez litzateke gaizki etorriko´, esanez amaitzen du.

Ez dute erreza, baina A Coruñan eta Galizian egiten ari diren ahalegina ez da alferrikakoa izango, itxaropen horrekin dabiltza, eta asmo horrekin aurrera jarraituko dute.