Zugaitz Sallaberry: ´´Nire helburua beti hobetzen joatea da´´

  • 2020-04-24

Zugaitz Sallaberryk denboraldi ona egin du Xisterarekin. Zirkuituan seigarren atzelaririk onena izan da, eta Interjain finalean izan zen Aaronekin batera, nahiz eta Lalooren eta Manciren aurka galdu egin zuen. Jadanik lapurtarra denboraldi berriari begira jarrita dago, eta hobetzen joan nahi duela esan du.

Nola doa itxialdi hau?

Denen moduan. Zerbait mantendu nahi da, baina ez da erreza. Pilotalekuak itxita daude, eta etxean egiten ditut ariketa fisikoak, baina zesta ezin da hartu. Helburua, gutxienez, fisikoki mantentzea da, ahalik eta ongien itzultzeko uzten digutenean.

Atzera begira jarrita, Xisterako denboraldiaren inguruan zer nolako balorazioa egingo zenuke?

Beti hobetu daiteke, batez ere aurten Zirkuituan egindako lana. Hor helburua gutxienez Interjain sartzea zen, eta seigarren postuarekin lortu dut, baina lan hori ondu daitekelakoan nago. Interjain, berriz, finala jokatu nuen, nahiz eta galdu, eta hor helburua behintzat beteta geratu da, nahiz eta finalean sartutakoan irabazi egin nahi izaten den. Finalean sartzea zaila izaten da, bikote handiak zirelako beste guztiak ere, eta hala ere hori, behintzat, lortu nuen.

Ze sentsazioekin amaitu zenuen Interjaiko finala?

Dena hustuta amaitu nuen, eta alde horretatik gustura, eta bestetik penarekin, final bat galdu nuelako. Hala ere ez da erreza izaten finaletan sartzea, eta guk lortu genuen. Hor sei bikote handi geunden, eta  guk onenen artean sartzea lortu genuen.

Zirkuituan non egin duzu huts?

Ez dakit, agian kinieletan. Bi kiniela zortzi bikoterekin luzea zen, eta agian ez dut ongi kudeatu nire lana, nire ustez hor egon da hutsa. Hala ere, Interjain sartzea zen helburua, eta hori behintzat lortu ahal izan dut.

Azkeneko urteetako emaitzei begiratuta, finaletan, finalerdietan, edo horietatik oso gertu izan zara beti. Hori ez da kasualitatea izaten ezta?

Ez dut uste. Pilotari erregularra izaten saiatzen naiz, eta hor ibiltzen naiz, baina oraindik akats batzuk egiten jarraitzen dut, eta horiek menperatzen eta hobetzen jarraitu beharrean nago oraindik.

Denboraldi berriari begira jarrita, zein izango dira helburuak?

Iazkoa hobetzea Xisterako Zirkuituan, hori nahiko nuke, behintzat, eta gutxienez finalerdietan sartu, hori izango da nire erronka, eta horretarako azkeneko denboraldian egin ditudan huts batzuk ezin dira errepikatu. Interjain berriro ere bikote handiak izango gara, eta hor ere lan on bat egitea gustatuko litzaidake.