Xisterako Zirkuituko finaletarako dena prest dago

  • 2019-12-18

Larunbatean jokatuko dira Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan Xistera Zirkuituko hiru final, 17.00etatik aurrera. Nesken partidak ekingo dio arratsalde handiari, eta bertan Aldazabal eta Calvo, Merinoren eta Lizardiren aurka neurtuko dira.

Pilotariak ilusioz beterik daude. ´´Iaz txapela lortu nuen, eta aurten ere saiatuko naiz lortzen´´, adierazi zuen Maialen Aldazabalek. Pasa den urtean Arberekin lortu zuen garaipena, baina Calvorekin ere oso gustura dabilela adierazi zuen, biak baitira berritxuarrak. ´´Guk gure lana egiten saiatu behar dugu, eta aurkariei gauzak zail jarri´´, erantsi zuten bizkaitarrek.

Aurrean bikote gipuzkoarra izango dute, Merino eta Lizardi. Azken honek iaz jokatu zuen baita ere finala, Ortiz de Mendibil lagun zuela, baina ezin izan zuen irabazi. ´´Aurteng oan irabaztea tokatzen zait. Finalerdietan gauzak ongi atera zitzaizkigun eta konfiantza handiarekin gatoz finala jokatzera. Ea bigarrengoan txapela lortzen dudan´´, esan zuen atzelari mutrikuarrak.

Merinok, berriz, badaki zer egin behar duten garaipena lortzen saiatzeko. ´´Partida oso ona egin beharko dugu irabazi nahi badugu, finalerdietan egin genuen bezalakoa. Saiatuko gara pilota bien tartean sartzen´´, adierazi zuen aurrelari tolosarrak.

Ondoren iritsiko da mutilen Bigarren Mailako finala. Bertan, Ibañez eta Olazagazti, Vidalen eta Atain II.aren aurka arituko dira. Hemen ere ilusioz beterik datoz bi bikoteak. ´´Helburua ahalik eta lasaien aritzea izango da, gu geu izatea, eta elkarri lagunduz jardutea. Finalerdietan ongi atera zitzaigun, eta oraingoan ere helburu bera izango da´´, esan zuen Unax Vidalek.

Gorka Mugartegi Atain II.a izango da 15 urterekin final honetako gazteena. Etxean aritzeak ez diola presiorik egiten esaten du. ´´Final honetan izatea gauza handia da, ilusio itzela egiten dit. Etxean jokatzeak indar handia ematen dit, ezagun eta lagun asko etorriko dira eta presioa baino gehiago laguntza izango dela uste dut´´, dio markinarrak.

Beste aldean, eskarmentua, eta aurten lehen eta bigarren fasetako finalak jokatu dituzten Ibañez eta Olazagazti izango dituzte aurrean. ´´Irabaztea tokatzen zaigu. Bi fasetako finalak jokatu eta galdu ditugu, orain final handia tokatzen zaigu irabaztea´´, dio Ibañezek. ´´Finala zaila izango da, gu ez gara dominatzaileak, eta aukera dugunean bukatu egin behar dugu´´, erantsi zuen tolosarrak.

Azkenik, mutilen maila nagusiko finala jokatuko da. Antxon eta Goixerri, Gonzalezen eta Manciren aurka arituko dira. Iaz Antxonek eta Mancik irabazi zuten, aurten elkarren aurka arituko dira. ´´Aurkari zailak dira, Antxon bezalako bat aurrean izateak beti zailtzen du partida. Goixerri ere atzean oso indartsu dabil. Eta gauzak ongi egin beharko ditugu´´, esan zuen atzelari mutrikuarrak. ´´Burua hotz izatea ere garrantzitsua da, finalerdietan ere horrelaxe mantendu genuen, gaizki hasi baiginen, baina gero buelta emateko gai izan ginen´´, adierazi zuen Mancik.

Gipuzkoarrak garbi dauka zer egin behar duten. ´´Goixerri gaztea da, eta horri erasotu beharko diogu, Antxoni ahalik eta gutxien sartzen utzi jokoan´´, esan zuen. Beste aldean ere atzelari mutrikuarra da, Goixerri. Aurten jokatu du lehen aldiz maila nagusian, eta finalean sartu da. ´´Niretzat gauza handia da hau. Mailaz igo eta finalean sartu. Finala zaila izango da, aurkariek finalerdietan ere erakutsi baitzuten euren maila´´, esan zuen Aratz Mendizabal Goixerrik.

Antxon Alberdi tartean egon da, beti agertzen da faborito bezela.´´Nik iaz irabazi nuen, baina beste aldean ere iazko txapelduna dago. Nik uste dut final estua izango dela´´, esan zuen Etxebarrikoak. Aurrelari bizkaitarrak ez du uste Goixerriren gaztetasunak eraginik izango duenik. ´´Berak erakutsi du nolako maila duen. Honelako finalak jokatzen ohituta dago, eta uste dut bion artean lan oso ona egin dezakegula, nahiz eta jakin irabazteko dena ongi egin beharko dugula´´, adierazi zuen.

Ekinaldia goizez hasiko da, 10.00etatik aurrera umeen topaketak jokatuko baitira inguruko pilotalekuetan. Gero, bazkaria ere izango da, eta musikarik eta festa girorik ere ez da faltako. Sarrera debalde izango da, eta bertaratu ezin dutenek, streaming bidez ikusi ahal izango dute Xisterako kanalean.