Xistera hilaren 27an, larunbatean, helduko da Iparraldera
Cabanillaseko hitzorduaren ostean, Donibane Lohizuneko txapelketako txanda helduko da
Xistera Zirkuituak urratsak ematen jarraitzen du zesta punta harrobitik bultzatzeko eta hurrengo egunetan Iparraldera helduko da. Izan ere, abuztuaren 6 eta 7an Nafarroako Cabanillas herrian ospatutako torneoaren ostean, Donibane Lohizuneko txapelketako txanda helduko da.
Lehiaketa honetako finalerdiak, ospe handiko Campos Berri frontoian jokatuko direnak, hilaren 27an, larunbatean, izango dira, 18:00etatik aurrera, eta finalak, berriz, irailaren 2an, ostiralean, 20:30retan hasita. Egun honetan bertan, gainera, fibrosi kistikoari aurre egiteko dirua batuko da.
Hau izango da Xisterak Iparralden jaialdiak antolatuko dituen lehen aldia eta harrera bikaina espero da, zirkuituan inguruko pilotari ugari baitago eta Lapurdin zaletasun handia dagoelako.