Xistera bidea zabaltzen ari da

  • 2018-10-05

Xistera, Euskal Herriko zesta punta Kluben Kluba, bidea zabaltzen ari da. Bere artean ditu Euskal Herriko klub guztiak, eta jaialdiak zazpi herrialdeetan antolatzen jarraitzen du, baina bere lan esparrua zabaldu egin da, eta jadanik jaialdiak Euskal Herritik kanpo ere ari da antolatzen.

Lehenengo Interjai Txapelketa izan zen. Uztailaren hasieran Bartzelonan izan ziren lau partida, bertako Vall D`Hebron pilotalekuan. Bigarren irteera irailaren hasieran izan zen, eta Pauen izan ziren oraingoan Xisterako pilotariak, eta berriro ere Interjai Txapelketako bi partida jokatu ziren, eta oraingoan ere mutilak. Eta orain, urrian, asteburu honetan, Xisterak Madrilera egingo du bisita, bertako Torneoan hartuko baidute parte neskak. Larunbat goizean jokatuko dituzte kanporaketak, eta arratsaldean finalak. Madrilgo Complutense pilotalekuan arituko dira, Xisteraren proiektuaren helburu nagusia zesta punta indartzea da, eta ahalegin horretan Euskal Herritik kanpoko proiektuei laguntzeko prest dago, azken batean kirol honek indarra hartzeko helburuarekin lanean jarraituko baitu.

Bartzelonaren eta Paueren ostean, asteburu honetan Xisterako pilotariak Madrilen izango dira, eta gainera, Teledeporte telebista kateak eskainiko du finala. Garbi dago Xistera bere bidea egiten ari dela Euskal herrian, eta baita Euskal Herritik kanpo ere.