Unax Vidal: ´´Jokatzeko sekulako gogoarekin nago´´

  • 2020-09-17

Unax Vidal izan zen iazko Xistera Txapelketako protagonistetako bat. Bigarren Mailan txapelduna izan zen Atain gaztearekin batera. Orain Lehen Mailan jokatzeko irrikaz eta gogoz dago Berriatuako aurrelaria.

Luzeak izan al dira azkeneko hilabeteak?
Ekainetik aurrera entrenatzen ari gara, eta horrek bidea asko hobetu du, baina aurreko hilabeteak bai, haiek oso luzeak izan ziren. Horrenbeste denbora etxetik atera gabe, ezer egin ezinik, oso luzea egin zitzaidan.

Jokatzen hasteko irrikaz?
Dudarik gabe. Lagunarteko partidak jokatzen ari gara, baina ez da gauza bera. Herrian, eta herritik kanpora, beste pilotarien aurka jokatzen hasteko gogoz nago.

Xisteran onenekin jokatzeko ilusio handiarekin egongo zara, ezta?
Ikaragarriarekin. Badakit gauzak aldatuko direla, maila handiko aurkariak izango ditut, atzelariak ere beste batzuk izango ditut, eta pilotak ere beste abiada bat ibiliko du, baina hor egon nahi dut, saiatu ahalik eta ondoen egiten, gogoarekin nago.

Iazko denboraldia borobila izan zela esan daiteke?
Bai. Xisteran beti ibiltzen nintzen aurrean, baina iaz bezalako denboraldi bat ez nuen sekulan egin. Gauzak ongi atera zitzaizkidan. Gero, gainera, irabazi Atain gaztearekin Markina-Xemein bezalako leku batean egin nuen. Dena atera zitzaidan ondo.

Hurrengo denboraldiari begira zer nolako asmoak dituzu?
Ahalik eta lehiaketarik gehienean parte hartu. Xisterakoa oso garrantzitsua izango da, eta sekulako ilusioa daukat. Gero, beste hainbat txapelketa etorriko dira, Berriatuakoa, Durangokoa, Bizkaiko Txapelketa. Ahalik eta gehienean jokatu eta ahalik eta txukunen aritzea gustatuko litzaidake.

Agian ez al da izango okerrena txapelketa asko batera izatea?
Ez dut uste. Orain gutxi jokatuta gaude, eta deskantsatuta gaude, denak jokatzeko gogoz. Ni behintzat, sekulako gogoarekin nago.