Pilotalekuak bai, baina zestak ez du izan indarrik Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan

  • 2021-02-26

Baztan, Malerreka eta Bortziriak pilotak indar handia duen zonaldea da, baina zestak ez du ba lortu hemen sartzea, nahiz eat jokamolde gehienek izan duten lekua bertan.

Kontua da, zestaz jokatzeko pilotaleku onak badaudela, batez ere hiru aipatu daitezke; Oronoz, Elizondo eta Bera, eta hauek baino txikiagoa izan arren, 43 metrorekin, Doneztebekoa ere jokatzeko modukoa da.

´´Ni oroitzen naizela, zestan profesional bakarra atera da hemendik, Doneztebekoa, Pako Sarratea. Ameriketara joan zen jokatzera, eta han bizi da´´, dio Tiburtzio Arraztoak, Laxoa Elkarteko kideak, eta pilota mundua asko ikertu duen gizonak.

´´Hemen, Oronozen aritu izan dira zestaz. Maristen eskola zegoen bertan eta ikasleak jarduten zuten bertan. Han hasi zen Sarratea zestaz jokatzen, eta gero Noaingo eskolara joan zen. Ez dut inguruan besterik ezagutzen´´, eransten du.

Izan ere ez baitira jaialdi asko egin inguru haietan. Xisterak azkeneko urte hauetan hiru jaialdi antolatu ditu; Beran, Elizondon, eta Oronozen.

´´Egia esan pena da. Hemen pilota oso gustukoa da, eta jokamolde guztiak, gainera. Baina nik uste dut azken batean bertan tradiziorik ez dela izan zestarako, eta gero ez dela ez eta ere inor egon zesta bultzatuko duenik. Azken batean biak uztartu direla uste dut´´, dio Tiburtziok.

Eta ez frontoiak bakarrik, plaza libreak ere zonalde osoan dira plazan jokatu ahal izateko. ´´1962ko Munduko Txapelketan plaza librean erakustaldi moduan Frantziak eta Marokok jokatu zuten. Badira makina bat plaza jokatzeko modukoak´´, esaten du.

Beraz, jokatzeko lekurik ez da falta, instalazioak onak dira, eta agian bultzada bat beharko luke zonaldeak, gutxienez zesta ezagutzera emateko.

Argazkian, orain bi urte Elizondon Xisterak antolatu zuen jaialdiko sari banaketa.