Nire anaia ikusiz hasi nintzen zestan jokatzen

  • 2019-03-13

Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra Xisterako denboraldi berria hasteko gogoz dago. Pasa den denboraldia bikaina egin zuen, finalean sartu baitzen, nahiz eta gero Lizardirekin batera galdu egin zuen Aldazabalen eta Arberen aurka. Urtea, gainera, bikain hasi du Berritxuko Torneoa irabazi baitu Naroa Merinorekin batera.

Nola iritsi zinen zesta mundura?

Nire anaietako batek jokatzen zuen, erdikoak, eta hura ikustera joaten nintzen. Hura ikusiz neri ere hasteko gogoa etorri zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen. Lehen beste kirol batzuk egiten nituen, baina pilotako gainerako modalitateetan inoiz ibili gabea nintzen.

Zer ematen dizu zestak?

Gauza asko. Ikaragarri gustatzen zait, gozatu egiten dut zestan jokatzen, eta nire bizitzako parte bat dela esan nezake.

Zestaz gain beste kirolik egiten duzu?

Karaten aritzen naiz. Zestan hasi aurretik ere egiten nuen, eta hemen jarraitzea erabaki nuen, zestarekin uztartuz. Han egiten diren ariketa batzuk zestan aritzeko ere oso baliagarriak direla iruditzen zait.

Iaz Xisteran egin zenuen denboraldiarekin gustura geratu zinen?

Gustura geratu nintzen bai, azken batean finala jokatu nuen.  Mutrikuko finalerdia irabazteak sekulako poza eman zidan, finala jokatzeko ateak zabaldu zizkidan, eta une oso ederra izan zen.

Finaleko eguna ez zen izan zure onena ezta?

Ez, gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala atera. Partida jokatzeko sekulako ilusioa neukan, baina uste dut gauza asko pilatu zirela, urduritasuna, irabazteko nahi hori, eta gero frontoian horrenbeste jende ikustea. Ez nuen inoiz horrenbeste jenderen aurrean jokatu, eta horrek ere eragina izango zuen. Hala ere ahal genuena egin genuen, eta horrekin konforme.

Ze ikusi duzu Xisteran?

Sekulako maila. Uste dut alde batetik oso polita dela horrenbeste neska zestan jokatzen ikustea, eta gero baita ere maila handiko neskak ere badaudela baieztatu ahal izan da. Oso lehiaketa ona dela guretzat uste dut.

Zein izango da denboraldi berrirako zure helburua?

Denboraldi on bat egitea. Eta ona izango litzateke iazkoa errepikatzea, finalean sartzea alegia. Horretarako badakit lan handi bat egin beharko dudala, baina ni saiatzeko gogoz nago, eta ilusio handiarekin.

Urtea ez duzu batere gaizki hasi. Hasteko txapel bat lortzea garrantzitsua da, ezta?

Bai dudarik gabe. Nesken Berritxuko lehiaketan aritu naiz, eta Naroa Merinorekin batera txapela lortu dut, niretzat oso polita izan da urtea horrela hastea. Ea hemendik aurrera bide beretik jarraitzen dudan. Hurengo lehen helburua Gipuzkoako finala jokatzea izango da, Donosti Jai Alairentzat jokatzen baitut.