Marsol eta Gomez izan dira Xisterako mutilen Zirkuituan parte hartu duten Bartzelonako Vasconia taldeko lehen pilotariak

  • 2019-07-08

Xisteraren proiektua hazi eta hazi ari da, eta aurten lehen aldiz Euskal Herritik kanpoko pilotariak ikusi ahal izango dira Xistera zirkuituan. Azkeneko Batzarrean Bartzelonako Vasconia Elkartea onartu zen, eta bertako bi pilotari lehen aldiz aritu ziren larunbatean Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan jokatu zen mutilen Xistera Zirkuituko laugarren jardunaldian.

Unai Marsol eta Ismael Gomez izan ziren bi pilotariak, eta Hirugarren Mailan aritu ziren. Lehen kinielan elkarrekin bikotea osatzea egokitu zitzaien, eta ezin izan zuten punturik lortu. Lehen saioko urduritasunak kendu, eta biak ere bigarren kiniela irabaztetik oso gertu izan ziren. Marsolek, Rodriguez izan zuen lagun, eta Gomezek, berriz, Garat gaztea. Biak ere 9na tanto egin zituzten, eta berdinduta bigarren postuan amaitu zuten. Bi pilotariek oso itxura ona eman zuten.

Gainerako kinieletan, Antxon Alberdi izan zen protagonista nagusia. Bizkaitarrak ez zeukan erraza lehen etapa honetako Lehen Mailako finalean izatea, baina lortu zuen, gainerakoei inongo aukerarik eman gabe, jaun eta jabe izan baitzen. Aurreneko kiniela Mandagaran lagun zuela irabazi zuen, eta bigarren Gonzalez-Adrian eta Gaizka-Manci-sailkatu ziren, 5na tantorekin. Bigarrengoan Manci izan zuen lagun, eta oraingoan Sorozabal-Ibarluzea eta Etcheberry-Mandagaran sailkatu ziren bigarren, 4 tantorekin.

Bigarren Mailako kinielak bikainak izan ziren. Aurrenekoa, Garcia-Ourthek irabazi zuten, eta bigarren Urrutia-Ibar geratu ziren 11-rekin. Bigarrengoan, berriz, Urrutia-Olazagastik irabazi egin zuten, eta bigarren, Garcia-Goitiandia sailkatu ziren 14rekin.

Hirugarren Mailan, lehenengo kiniela Urreisti anaiek eraman zuten, bigarren, berriz, Egaña eta Iñigo, 6rekin. Azkeneko kiniela, Aizpuruak eta Iparragirrek irabazi zuten, eta bigarren berdinduta geratu ziren 9-rekin, Garat-Gomez eta Marsol-Rodriguez. Hirugarren mailako kinielak 10 tantora izaten dira.

Ondorioz lehen fase edo etapa hau amaitu da, eta abuztuaren 3an Cabanillasen jokatuko diren finaletara honako hauek sailkatu dira: Aaron-Manci / Antxon-De Betelu, Lehen Mailan. Bigarren Mailan, Ibañez-Mugartegi / Garcia-Garat, eta Hirugarren Mailan, Urreisti-Alberro / Egaña-Del Rio.

Argazki bilduma ikusi Emaitzak kontsultatu