Marbellan ere jokatzen dute zesta puntan

  • 2019-02-08

Marbella izena entzun, eta oporrak, edo hondartzak etortzen dira burura, baina han ere jokatzen dute zesta puntan. Marbella Jai Alai du izena, eta bertako Club de Pelota Vasca Urkiolaren barruan daude sartuta.

´´Urkiola klubak 20 urte inguru ditu, eta zestako sekzioak, berriz, bost edo sei urte´´. Esaten du zestako kidea den Jose Ramon Estebanek. ´´Ni lanagatik etorri nintzen, eta hemen pilotan aritzeko frontoi eta lagun bila nebilela Ignacio Grosekin eta Raul Yañezekin egin nuen topo, eta haiek esan zidaten zestan aritzeko aukera zegoela, eta aurrera´´, eransten du.

Marbellako auzoa den San Pedro de Alcantaran omen daukate pilotalekua. ´´45 metroko frontoia daukagu, baina irekia da, eta ez dago baldintzarik onenean. Astean hirutan batzen gara. 10 lagun gaude zestarako, baina jokatu seik egiten dugu. Hori bai, serioak egiten ditugu lan saioak, beti pilotari jantziekin, eta seriotasun osoa emanez´´, esaten du.

Hala ere hastapenak ez ziren errazak izan. ´´Klubean ba zituzten zesta batzuk, baina oso zaharrak ziren, eta batzuk gainera, zuloak eta denak zituzten. Material berria lortu genuen, zesta berriak, pilotak, eta hor aritzen gara gozatzen´´, dio Estebanek. Urte asko igaro zituen Euskal Herrian, eta orain ere uste ez zuen lekuan gozatzen ari da.

Hori bai, txapelketarik eta ez dute. ´´Ez daukagu inongo laguntzarik, eta federazioen aldetik ez ba geunden bezala gaude. Gure artean egiten dugu, eta seriotasuna ematen saiatzen gara. Gero tarteka Madrilekoekin ere jokatzen dugu. Pena bat da, uste bai dugu bultzadarekin zerbait egin daitekela´´, esaten du Estebanek. ´´Hemen euskal hiritar asko daude, pilota gustukoa da, baina laguntzaren aldetik ez dauka ezer. Aritzen garen pilotalekua ere oso baldintza txarretan dago, berritu on bat behar du, baina hor gaude ´´, eransten du.

Zesta probatu nahi duten guztiei erakusten ere saiatzen dira. ´´Ez daukagu eskola bezala muntatuta, baina etortzen diren guztiei, probatu nahi duten guztiei, zabalik gaude, eta etortzen badira, saiatzen gara erakusten eta laguntzen. Batzuek erraz asmatzen dute eta berriz etortzen dira, beste batzuk ez dute asmatzen, eta ez dira gehiago etortzen´´, dio Jose Ramonek.

Hil berria den Aitor Totorikaren laguntza ere eskertu nahi izan dute Marbella Jai Alaikoek. ´´Bera hemen bizi zen, eta laguntza ematen zigun, bai materialekin, eta beste hainbat gauzekin. Berak hau hemen bultzatu nahi zuen, pilotalekua berritu, ea. Hor zegoen kluba laguntzeko, eta ardura batzuk hartuta ere bai. Orain bera hil da, eta bere sema den Gorkak hartu ditu ardura horiek´´, esaten du.

Jose Ramonek etorkizun argia nahiko luke, baina ez du horrela ikusten. ´´Zaila da argia izatea, ez daukagu inongo laguntzarik, eta dauden aukera guztiekin oso zaila da gugan arreta jarri eta zestara jendea erakartzea, baina gu ahaleginduko gara´´, dio Estebanek.

Aurrez aipatu bezala, Marbella Jai Alai, Urkiola klubeko sekzio bat da, eta bertan omen daude baita ere pala, pala motza eta paleta.