Maite Ortiz de Mendibil: ´´Nire helburua zestarekin gozatzea da´´

  • 2020-04-14

Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak zesta puntan urte batzuk badaramatza, nahiz eta oraindik bera ere oso gaztea den. Iaz Xisterako Zirkuituan finalerdietara sartu zen, eta aurten finala galdu du Berriatuako torneoan. Berak zestan jokatuz gozatzen jarraitu nahi du.

Atzera begira jarrita, nola ikusten duzu zure iazko urtea?

Orokorrean urte ona izan zen niretzat, bakarrik Xisterako finalerdietan ez zitzaizkigula gauzak ongi atera. Tanto gutxi egin genituen, eta finaletik aparte geratu nintzen, pena hori.

Urtea ongi hasi duzu Berriatuan.

Horrela da, finala galdu nuen, baina hara iritsi ginen. Aurkari oso onak genituen aurrean eta ezin izan genuen irabazi, baina egindakoarekin gustura geratu nintzen. Berriatuako torneoa jokatzea asko gustatzen zait, eta finaleraino sartzea garrantzitsua izan da.

Noiz hasi zinen zestan jokatzen?

10 urte inguru nituela hasi nintzen. Beste kirol batzuk egiten nituen, baina ez nituen horren gustukoak. Nire anaia hasi zen lehenago, eta hura ikusiz, nik ere probatzea pentsatu nuen, eta erabat harrapatu ninduen zestak.

Hasiera haietan beti mutilen kontra jokatzen zenuten?

Bai, bai, ez zegoen besterik. Oso neska gutxi ginen, eta beti mutilen aurka jokatu behar izaten genuen. Hor ere zorionez gauzak asko aldatu dira, gaur egun neska mordoa gaude, eta behetik ere asko datoz. Horrek poza eta ilusioa ematen dit, nesken artean jadanik txapelketak jokatzea badauzkagulako, baina gehiago behar ditugu, ea neska gehiago hasten diren zestan jokatzen.

Zein da zure helburua?

Nire helburua zestan jokatuz gozatzea da, eta horretan ari naiz. Gero ahalik eta ongien ibili, kirol guztietan bezalaxe, denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina lehenengo zestan jokatuz gozatzen jarraitu nahi dut. Hori egiten dudan bitartean, ongi ibiliko naiz.

Eta kirol mailan, zein da zure hurrengo erronka?

Gipuzkoako Buruz Burukoa jokatu nahi dut, hori izango da nire erronka. Mutilen aurka arituko naiz, eta badakit ez dela erreza izango, baina probatu nahi dut bakarka jokatze hori zer den, eta ilusioarekin nago.

Nola doaz egun hauek?

Luze, oso luze, baina alde batetik zortea daukat. Granja bat daukagu, eta ondorioz lekua badaukat. Frontoi moduko bat egin dugu hor, eta han aritzen naiz plastikozko zesta eta teniseko pilotekin. Gutxienez zerbait egin dezaket, eta horrek asko balio dit.