Lazkaotik zestari keinuka ari dira

  • 2021-03-12

Tradiziorik ez izan arren, badirra herriak zestari keinuka egiten ari direnak, eta horietako bat da Lazkao. Pilotalekua ere tamainakoa daukate, 46 metrokoa baita, sare bikainarekin, eta horrek zestaz aritzeko aukera ematen du.

´´2018an ekarri genuen aurreneko aldiz zesta Lazkaora, Xisteraren eskutik. Mutilen eta nesken partida bana jokatu ziren, eta jendea gustura egon zen haiei begira. Ondoren ate irekiak egin ziren, eta mutikoak gustura aritu ziren, probatzen´´, esaten du Jabi Gelbentzuk, LAPKE Elkarteko arduradunak.

Horrek udan zestako ikastaro bat antolatzeko bidea zabaldu zuen, eta arrakastatsua izan zela dio Jabik. ´´Deialdia egin genuen 2019ko uztailean ikastaro bat egiteko, eta 10 mutiko izan ziren izena eman zutenak, neskarik ez zen animatu. Joseba Zuloaga etorri zen ikastaro hori ematera, eta egia esan, oso arrakastatsua izan zen, umeak oso gustura jardun baitziren´´, esaten du Gelbentzuk.

Horrek, berriro ere beste ate bat zabaldu zuen, eta 2019ko urrian beste jaialdi bat ere antolatu zen Lazkaon, berriro ere Xisteraren eskutik. Alde batetik kadeteen Zirkuitoko jardunaldia izan zen, eta bestetik nesken eta mutilen partida bana jokatu ziren. Berriro ere zaleek ongi hartu zuten eginiko jaialdia.

Hortik aurrera ez da gehiago egin, baina azkeneko urte honetan ezin izan da ezer ere egin, eta beraz dena geratuta dago. Garbi dago Lazkao zestaren hurrengo plazetako bat izan daitekela. Lehen urratsak eman dira, eta orain jarraipena eman beharko zaio horri.

Zesta probatu eta gustatu zitzaien gaztetxo guztiak esku pilotan eta futbolean dabiltza, baina agian zestan jarraitzeko deia eginez gero, berriro ere itzul daitezke. Garbi dago Lazkaotik datozen keinuei erantzun on bat eman behar zaiela.