Kostakoak taldeak plaza librea eta frontoia batu ditu

  • 2018-06-13

Bidartekoa da Kostakoak taldea, eta elkarte oso beteranoa dela ere esan daiteke, izan ere 1942. urtean sortu zen. Une honetan 100 lizentza pasa ditu, eta bizi duen egoera ere oso ona da. Plaza librean eta frontoian bietan jokatzen dute, baina azkeneko 30 urteak arte, plazan bakarrik aritzen zen kluba.

´´Hasiera batean klubak plaza librean jokatzen zuen, eta horrela iraun zuen 90. hamarkadaren hasierara arte. Frontoian jokatu nahi zuenak Donibane Lohizuneko elkartean egiten zuen, baina azkenean eurak onenak bakarrik nahi zituzten, eta apur bat haserretu egin ginen. Orduan erabaki genuen frontoirako jauzia egitea´´, esaten du Laurent Garciak, klubeko ordezkariak.

´´Gaur egun, apirilaren bukaeratik irailaren bukaerara arte plazari ematen diogou lehentasuna, eta ondorengo hilabeteetan frontoiari. Normalean denak dena egiten dute hemen´´, eransten du.

Garciak argitzen digu frontoiko jokoaren eta plaza librekoaren artean dauden aldeak. ´´Zesta berdina izaten da eta jokatzeko teknika ere berdina da bai plaza librean eta baita frontoian ere. Hortik aurrera gauza batzuk aldatzen dira. Plazan hirunaka jokatzen da, pilota ere ezberdina da, motelagoa eta jokoa ere motelagoa izaten da, zorua oso ezberdina delako. Xisteran aidez askoz ere gehiago jokatzen da, plazan ez dago erreboterik, ez eta paretarik ere´´, esaten du Garciak.

´´Baina bietan jokatzeko arazorik ez da izaten. Akaso hasieran egin daiteke arraroa, baina berehala jartzen da bai batean edo baita bestean jokatzeko´´, eransten du.

Bidarteko klubean gauzak ongi doaz. ´´Une honetan 100 lizentzia pasa ditugu, eta horietako erdiak edo gehiago umeenak dira. Hemen zestak eta xisterak indar handia daukate. Pilotan ez dago besterik, ez da jokatzen eskuz ez eta beste moldeetan ere. Gainera, herrian, errugbia, surfa edo zesta, ez dago beste kirolik´´, esaten du Garciak.

Ondorioz, etorkizuna ere oso ona ikusten du bere klubean. ´´Hemen ez dut arazorik ikusten. Gaur egun bost eta sei urte inguruko umeak ere badatoz gure kirola ezagutzera eta probatzera. Lehen esan bezala, bietan ongi itsatsita dagoen kirola da. Behin datozenak, gainera, normaleean urteetan jarraitzen dute´, dio Laurentek.

Hori bai, neskak falta dituztela esaten du. ´´Neskak ere nahi ditugu gure klubean, eta ari gara eurak erakartzeko ahalegin horretan, baina une honetan ez daukagu inor. Ea apurka-apurka beraiek ere gerturatzen joaten diren´´, esaten du Bidarteko klubeko ordezkariak.

Etorkizunean Xisteraren ekarpena oso garrantzitsua izango dela uste du. ´´Pilotarientzat erakargarria da, beharrezkoa esango nuke. Pilotariek normalean aritzen ez diren lagunekin jokatzen dute bikotea osatuz, eta hemen bakoitzak egin behar du, horren arabera egiten da sailkapena, eta uste dut hori dela zestak aurrera egiteko bidea´´, esaten du.

Izan ere profesionalen munduak ez du gehiegi erakartzen.´´Profesionaletan izenak balio du, bakoitzak egiten duenarei baino gehiago begiratzen zaio, eta horrek ekarri du beherakada. Xistera izan behar dela eredua uste dut´, dio Laurentek.

Hala ere Kostakoak taldeak eman ditu profesionalak. ´´Irastortza izango da agian orain dagoen ezagunena, Tanburindegi anaiak ere hor daude, Salaberri ere bai. Profesionalak badaude, baina gure helburu nagusia ez da hemengo gazteak profesionalak izatea, baizkik eta kirol honekin gozatzen erakustea da gure nahia. Gero denborak jarriko du bakoitza bere lekuan´´, esanez amaitzen du Laurent Garciak, Bidarteko Kostakoak taldeko ordezkariak.