Kolore urdina nagusitu da Cabanillaseko finaletan

  • 2019-08-05

Kolore urdina izan zen larunbatean Cabanillasen jokatu ziren Mutilen Xistera Zirkuituko lehen faseko finaletako kolore nagusia, izan ere hiru mailetan kolore horrekin aritu ziren bikoteak nagusitu baitziren. Antxon-Mandagaran, Lehen maila, Garcia-Garat, Bigarren Mailan, eta Egaña-Del Rio, Hirugarren Mailan, izan ziren txapeldunak.

Lehen maila

Aaron – Manci 1 / Antxon – Mandagaran 2 (15-9, 7-15 eta 1-5)

Lehen jokoan gorriak izan ziren nagusi. Atzean Manci nagusitu egin zen, eta aurrean Antxoni jokatzeko aukera handirik eman gabe, Aaronek tantoak primeran amaitu zituen. Hala ere, berdintasuna izan zen nagusi seigarren tantora arte, hor izan baitzen azkeneko berdinketa. Hortik aurrera gorriek ihes egin zuten, lehen puntua batuz. 1-0, 1-1, 1-3, 3-3, 3-4, 4-4, 6-4, 6-6, 8-6, 8-7, 14-7, 14-9 eta 15-9.

Bigarren jokoan urdinak jaun eta jabe izan ziren. Aaroni gainera, zesta apurtu zitzaion, eta berriarekin ez zuen asmatu. Urduri jarri zen, eta aurrean Antxon bezalako pilotari bat dagoenean urduritasunak alferrikakoak dira. Etxebarrikoak gidatu zuen bigarren joko hau, eta gainerakoek bere erara ibili behar izan zuten, horrela neurketa berdinduz. 0-3, 1-3, 1-5, 2-5, 2-10, 5-10, 5-12, 6-12, 6-14, 7-14 eta 7-15.

Kitarakoan ere ez zen kolorerik izan. Urdinak jaun eta jabe izan ziren. 0-3 oso azkar aurreratu ziren, eta gorriak inongo aukerarik gabe utzi zituzten. 0-3, 1-3 eta 1-5.

Bigarren maila

Ibañez – Olazagazti 1 / Garcia – Garat 2 (15-9, 9-15 eta 0-5)

Bigarren Mailako finaleko hiru jokoak nahiko kaskarrak atera ziren. Lehenengoan Ibañez eta Olazagazti nagusi izan ziren. Huts asko egon ziren bien aldetik, baina batez ere bikote urdinaren aldetik. Garat oso urduri aritu zen, erraztasun handiak emanez aurkariei, eta aurrean Ibañezek ederki asmatu zuen tantoak amaitzerako garaian, lehen puntua batuz. 1-0, 1-1, 8-1, 8-3, 9-3, 9-4, 12-4, 12-5, 14-5, 14-9 eta 15-9.

Bigarren jokoan urdinak erabat aldatu ziren. Garat atzean lasaitu egin zen, eta aurrean Garciak konfiantza gehiagorekin Olazagaztirengan pilota jartzen saiatu zen, Donibane Lohizuneko atzelaria menderatzeko asmoarekin, eta lortu egin zuten. Gorriak beti atzetik ibili ziren, eta azkenean Garciak eta Garatek neurketa berdintzea lortu zuten. 1-0, 1-1, 1-4, 3-4, 3-5, 5-5, 5-7, 6-8, 7-8, 7-9, 7-12, 8-12, 8-13, 9-13 eta 9-15.

Hirugarren jokoan ez zen kolorerik izan. 0-5.

Hirugarren maila

Urreisti – Alberro 0 / Egaña – Del Rio 2 (13-15 eta 14-15)

Final hau ere ez zen ona izan. Egiten zuen beroak eta nerbioek, eragin handia izan baitzuten. Jokoa ona izan ez bazen ere, emozioa, behintzat handia izan zen bi jokoetan, ez baitzen nagusirik izan, eta horrek markagailua beti irekita izan zuen. Lehen jokoan, hala ere, Egaña eta Del Rio izan ziren ia beti aurretik, eta amaieran puntua lortuz amaitu zuten. 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-4, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 7-7, 7-8, 8-8, 9-8, 9-9, 9-10, 10-10, 10-11, 11-11, 11-13, 12-13, 12-14, 13-14 eta 13-15.

Bigarren jokoa ere oso orekatua izan zen, baina azkeneko txanpara Urreisti eta Alberro aldearekin sartu ziren 12-9. Bazirudien berdintzeko moduan izango zirela, 14-13 ere jarri baitziren, baina Egañak eta Del Riok neurketa irabazi eta garaipena eskuratu zuten. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9, 9-9, 12-9, 12-12, 12-13, 13-3, 14-13, 14-14 eta 14-15.

Argazki bilduma ikusi