Jon Ibarluzea: ´´Lehiaketetara itzultzeko amorratzen nago´´

  • 2020-06-25

Jon Ibarluzea markinarra, gainerakoak bezalaxe, itxialdian egon da, baina apurka-apurka ari da normaltasunera itzultzen. Jadanik pilotalekuan ari dira entrenatzen, eta lehiaketetara itzultzeko amorratzen dagoela onartzen du.

Nola joan da itxialdia?

Luzea izan da, baina alde horretatik nik zortea izan dut. Baserri batean bizi naiz, eta nahiko askatasuna eduki dut, mendialdera joateko aukera izan dudalako. Arlo fisikoa nahiko ongi landu izan dut.

Pilota faltan bota duzu?

Hori bai, asko gainera. Frontoia bota izan dut batez ere faltan. Zorionez hasi gara entrenatzen, eta gustura gabiltza. Aurreneko egunetan giharrek nabaritu zuten lan hori, baina hala ere geure saltsan gabiltza, oso gustura.

Ez al da zaila lehiaketarik gabe entrenatzea?

Bai, dudarik gabe. Neri gainera lehiatzea ikaragarri gustatzen zait, eta une honetan lehiatzeko amorratzen nago. Karmenetarako lehiaketaren bat antolatu nahian dabiltza herrian, eta gu desiatzen, ni behintzat, jokatzeko.

Atzera begiratuta, zer ondorio atera zenituen Xisterako iazko denboralditik?

Ez nintzen gustura geratu, goitik behera egin nuen, eta amaieran beherakada nabarmena izan nuen. Kinieletan oso ongi hasi nintzen, puntu asko batuz, baina gero behera egin nuen, eta gutxi batu nituen. Interjain ere tankerakoa gertatu zitzaidan, hasi ongi, baina hori ezin izan nuen mantendu.

Partidak irabaziz hasi eta azkenean Interjaiko finalerdietatik kanpo geratzeak min egin al zizun?

Bai, dezente gainera. Zirkuituko tankerakoa gertatu zitzaidan. Aurreneko bi partidak irabazi genituen, eta txapelketaren erdian lehenengo geratzeko ere aukerak bagenituen, eta azkenean ez ginen finalerdietara sailkatu. Horrek pena eman zidan.

Denboraldi honetarako zein helburu zenituen?

Xistera Zirkuituan iaz egindako lana hobetzea, hori zen aurreneko erronka. Hor puntuak batu, eta ahalik aurreen geratu, Interjairako sailkatuz. Hori zen helburua. Hor goian lehiatu, eta aurkariak estutu.