Itxaropenarekin aurrera jarraitzen du lanean Zumaiakok

  • 2018-07-25

Zumaiako KE da, Zumaiako elkartea. Gauzak okerrago egon dira eta orain, etorkizun argiagoa ikusten dute, lanean gogoz jarraitzen dute. ´´Zumaiako KE klubak 50 urte eginak ditu, eta hasiera batean kirol asko zeuden bertan sartuta. Une honetan pilota da nagusi. Pilotaren barruan, eskua, pala eta zesta daude´´, esaten du Iñaki Aizpuruak, klubeko ordezkariak.

´´Zesta ez zen hasiera hartan klubean, gero sartu zen. Zumaian beti izan dira puntista oso onak; mugertzatarrak edo Ulazia, esaterako. Mugertza aitak sortu zuen eskola, bera hasi zen hemen umeekin, eta gero Ulazia ere jardun zuen. Haien ondoren etorri dira beste guztiak´´, oroitzen du Aizpuruak.

Zumaian aurrera egiten dute, eta asko kosta arren, horren gaizki ere ez daude. ´´Gustatuko litzaiguken bezain ongi ez gaude, baina bagoaz, eta ez da txarra. Une honetan umeetan 8 urtetik 10 bitarteko dozena bat izango ditugu. Infantiletan zortzi bat izango dira, kadeteetan sei inguru izango ditugu, gazteetan hiru eta helduetan zortzi. Horietatik neska bakarra daukagu´´, esaten du Iñakik.

Zumaiak aurten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi du, eta Euskal Herrikoan, berriz, bigarren geratu da. ´´Horrek indarra ematen dizu, batez ere kulbaren barruan, eta pilotariei ere bai. Gipuzkoan azkeneko urte hauetan Mutrikuk irabazi egin digu, eta aurten lortu dugu gailenztea. Euskal Herrikoan, ordea, Markina-Xemeinekin ezin izan dugu. Alde horretatik emaitza onak dira, eta aurrera egiteko ilusioa ematen du´´, esaten du Aizpuruak.

Zumaiak, ordea, izan zuen galera handi bat, eta hor asko galdu zuen. ´´10 urte inguruan Zumaiako frontoia itxita izan genuen. Hor kanpora joan behar zen bai entrenatzera, eta baita jokatzera ere, eta horrek atzerakada handia sortu zuen, 50 fitxa pasa izatetik 25 ingurura pasatu zen. Ikusten den moduan, askok utzi egin zuten. Utzitakoek uzten duten zulo hori betetzeko, ordea, ez zen berririk hasten, eta hor zulo handia egin zen. Orain berriro ere frontoi ederra daukagu, eta ea apurka-apurka indartzen joaten garen´´, esaten du elkarteko ordezkariak.

Zumaiak, ordea, kirol eskaintza handia dauka. ´´Zumaian futbolak, esku pilotak, arraunak, eskubaloiak eta piraguismoak indar handia daukate. Hemen kirol eskaintza ugari daude, eta ez da erreza jendea zestara erakartzea, baina ari gara. Lehen esan bezala, ez gaude nahi bezain ondo, baina horren gaizki ere ez, eta hurrengo urteari begira ere dauzkagunei eutsi eta berri batzuk sartuko direnaren errezeloa badaukagu´´, esaten du Aizpuruak.

Xisteraren ekarpena ere oso ona dela deritzo Iñakik. ´´Nik uste dut ekarpen oso ona dela. Pilotariei ate berri bat zabaltzen zaie, jokatzen jarraitzeko beste aukera bat da, goi mailako partidak jokatzeko beste modu bat. Nik uste dut eurentzat oso ona dela´´, deritzo.

Zumaian afizioa badagoela onartzen du Iñakik. ´´Egia esan badago. Profesionaletan ere pilotari oso onak eman ditu Zumaiak, eta egun ere profesionaletan dauden onenetakoak dauzkagu, Osa edo Lopez´´.

Etorkizunari begira, lanean jarraitzea besterik ez du ikusten. ´´Ez dago erreza, alferrik da hori ukatzea, baina lanean jarraitu behar da. Uste dut lan asko dagoela egiteko, eta ilusioarekin guk hemen jarraituko dugu, kirol hau indartzeko asmoarekin´´, esanez amaitzen du Iñaki Aizpuruak, Zumaiako KE Elkarteko ordezkariak.