Ekaitz Mendizabal “Goixerri II”: ´´Finalean ezin izan nuen nahi bezala gozatu´´

  • 2020-12-30
  • Goixerri

Ekaitz Mendizabal Goixerri II.a urte amaiera honetan protagonista bihurtu da. Mutrikuarra orain dela bi urte joan zen Ameriketako Estatu Batuetara, Daniara, eta irabazi berri du bertako txapelketa, Txasiorekin batera. Hala ere, finalean ezin izan zuela gozatu dio, baina irabazi zuen, eta urte gutxi barru izar handietako bat izango denaren itxura guztia dauka.

Bi urte eta gero jadanik txapeldun.
Bai. Azken batean hori da denok nahi duguna, baina azkenean lortu dut. Ametsak egi bihurtzen ari zaizkit eta nire bide honetan beste urrats bat izan da. Hasieran kosta zitzaidan, dena zen berria niretzat, baina apurka-apurka ondo moldatu naiz, eta gauzak ari zaizkit irteten.

Finalerdia eta finalak gogorrak izan ziren, ezta?
Bai oso gogorrak, baina niretzat sentsazioak oso ezberdinak izan ziren. Finalerdietan ikaragarri gozatu nuen, baina finalean ez. Tentsio ikaragarria zegoen, eta akaso horrek erangingo zidan, baina ez nuen nahi bezala gozatu. Behin amaitutakoan bai, orduan ikaragarri.

Bi urtean Xisterako Interjai irabaztetik Daniako Txapelketa irabaztera pasatu zara. Bide oso onetik zoazela esan daiteke, ezta?
Bai dudarik gabe. Interjai da afizionatuetan dagoen txapeketarik garrantzitsuena, eta hura irabaztea oso garrantzitsua da eta esan nahi handia izan zuen niretzat. Gerora etorri zen Daniara joateko aukera, eta uste dut bi urte hauetan ere gorako bidea egin dudala. Asko ikasi dut, eta asko ari naiz ikasten, horretarako lan eginez, eta emaitzak ari dira etortzen.

Zuk zabaldutako bideari, Xiserako beste bostek jarraiutu diote. Xisteraren lan onaren seinale da hori, ezta?
Bai, dudarik gabe. Orain bi urte ni izan nintzen aurrenekoa, baina atzetik beste bost etorri dira. Nik uste dut Xisterak egiten duen lana ez duela beste inork egiten. Gainera, final guztiak ikusi daitezke internet bidez zuzenean, eta horrek ere balio handia dauka. Jende askok ikusten ditu pilotariak, eta badaki nolakoa den bakoitza. Ate asko zabaltzen ditu.

Xisterarekin aritu zinen azkeneko Txapelketan finalean ez sartzeak arantza utzi zizun barruan?
Ez. Finalerdiak Mutrikun ziren, eta sartu nahi nuen, baina ez zen posible izan, maila handia baitzegoen orduan, eta orain ere bai. Dena dela, urte onak egin ditudala uste dut Xisteran eta emaitza oso onak lortu ditudala.

Anaia ere Ameriketara joateak ilusio handia egingo zizun, ezta?
Ikaragarria. Bera Miamira joan arren, Daniatik gertu dago, eta elkarrekin bizi gara. Nahi nuen berak ere hau zer den ikustea, hontatik bizi izateaz gozatzea, eta ikaragarrizko ilusioa egin zidan.

Esan daiteke Gioixerri II.a izar handien parera iritsi dela?
Ez dut uste. Oraindik Goikoetxearen edo Lopezen parera iristeko asko falta zaidala uste dut. Lanean gogoz ari naiz, eta egunetik egunera joan nahi dut hobetzen. Nire lana egiten jarraitzen badut maila beti hobetuko dut, baina izar handien parera iristeko falta zait.

Etxean izango duzu maisurik onena, ezta?
Dudarik gabe. Berak beti ikaragarri lagundu izan dit, eta beregatik naiz puntista. Nire aita beti dago laguntzeko prest, beti zuzendu izan nau, eta iritsi naizen lekuraino iritsi banaiz, beregatik izan da.