Carles Pedragosa: “Vasconiarentzat oso garrantzitsua da Xisteran sartzea”

  • 2019-03-29

Bartzelonako Vasconia Elkartea Xisterako parte da, pasa den asteburuan bere eskariari baietz esan baitzion Xisterako Batzarrak. Carles Pedragosa da klubeko ordezkarietako bat, eta erabaki honekin oso gustura dago. ´´´Guretzat oso garrantzitsua da Xisteraren barruan egotea, beste urrats bat da aurrera, eta etorkizunari begira beharrezkoa zela uste dugu´´, esaten du

Izan ere, Katalunia osoan bakarrik daude. ´´Hemen bakarrik gaude eta gure pilotari gazteak hobetzen joateko ezinbestekotzat jotzen genuen kanpora joatea. Xistera bezalako ekimen bat beharrezkoa zen zesta puntan, eta guk hor egon beharko genuela uste genuen, eta lortu dugu´´, dio.

Orain Xisterako zirkuituetan ere parte izan nahi dute. ´´Ikusiko dugu nola eta ze mailetan egon daitezkeen eta noiztik aurrera, baina helburua hori izango litzateke. Gure gazteek hobetzen joateko besteen aurka jokatu beharra daukate´´, dio.

Beste helburuetako bat Palacio frontoia litzateke. ´´Hiri erdian dago, eta leku aproposa da. Bertako nagusiarekin bileraren bat edo beste egin dugu, eta berak garbi dauka pilotalekua bakarrik ez duela utziko, bertan dagoen instalazio osoa utziko duela eta ikusiko dugu zer egin daitekeen´´.

Oraingoz, behintzat, Xisteran sartzearekin oso gustura daude, eta lorpen honekin, Bartzelonan zesta puntaren gorakada nabarmenduko delakoan daude.